Erretratua

Nora Arozena: "Taldearen garrantziaz irakatsi dit Iraurgik"

Naia Arrizabalaga 2025eko azaroaren 18a

Nora Arozenaren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

17 urte baldin baditu ere, saskibaloian urrats erraldoiak eman ditu Nora Arozenak. Iraurgi saskibaloi taldean teknifikazio mailan hasi zen 8 urte zituenean, eta egun, Domusa Teknik ISB taldearen parte da; pibot postuan jokatzen du. Kantxaz kantxa buru-belarri dabil azkoitiarra, lanak fruituak ematen dituela argi daukalako. Munduan zehar ere ibili da torneoetan zein txapelketetan, eta Bartzelonatik han aritzeko eskaintza jaso badu ere, etxean gelditzeko hautua egin du. Urriko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako 'Erretratua' da honako hau.

Haurra zenean ekin zion Nora Arozenak (Azkoitia, 2008) kirol ibilbideari, eskolan, jolastorduan, baloiarekin jolas gisa zuena bere afizio kuttun bihurtuko zela asko espero gabe. Etxean ere bazeukaten saskibaloirako grina, eta lehen pausoak aitaren eskutik egin zituen, hura izan baitzen bere lehen entrenatzailea. Kantxa bezain maitea zuen, ordea, igerilekua, eta 2022an Espainiako Igeriketa Txapelketan lehiatzeko aukera ere izan zuen beste sei azkoitiarrekin batera, baina ezinezkoa zitzaion bi kirolak eta ikasketak uztartzea. Bi kiroletan aritzen zen garaiari erreparatuta, COVID-19ak eragindako izurritearen oroitzapen gazi-gozoak dauzkala esan du pibotak: "Saskibaloiaren munduan neurri zorrotzak jarri zituzten; ezin genuen elkar ukitu eta distantziak mantendu egin behar genituen. Igeriketan, aldiz, ia guztiak bere horretan jarraitzen zuen". Hala ere, asko pentsatu ondoren, saskibaloian jarraitzea erabaki zuen.

2022ko udan jasotako dei bat izan zen erabakia hartzeko giltzarria, Arozenari Espainiako selekziotik hots egin baitzioten Valladoliden (Espainia) egitekoak ziren saskibaloiko kontzentrazio batera joateko: "Euskal selekzioarekin-eta aritua nintzen aurrez, baina ez nuen espero Espainiako selekziotik deituko zidatenik". Igeriketa albo batera utzi eta saskibaloi ibilbidearekin jarraitu zuen.

Nora Arozena, jokoan. (Aitziber)

Kirola eta lehiakortasuna eskutik joan ohi dira askotan, eta Arozenak onartu du bera "oso lehiakorra" dela. Gainera, lehiak oroitzapen gozoak ekartzen dizkio hari burura: ISB taldean, kadeteetako bigarren urtean aritzen zenean, Espainiako Txapelketa jokatzea zen taldearen helburua, eta ametsa bete egin zuten azkenean: Galizian jokatu zuten txapelketa, besteak beste.

Lehian aritzea alde batera utzita, saskibaloiari esker, Espainiako selekzioarekin munduan barrena bidaiatzeko aukera izan du azkoitiarrak. 2023. urtea, eta bereziki uda, "berezia" izan zen pibotarentzat, Kreta irlako hiriburuan [Heraklionen (Grezian)] jokatzeko edota Abu Dhabira joateko aukera izan baitzuen. Grezian, 15 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin, Laguntasunaren Txapelketa irabazi zuen, eta Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan, berriz, Junior NBA nazioarteko txapelketan urrea eskuratu zuen Libanoko selekzioaren aurka. Adin horretan horrelako aukerak bizitzeko aukera izatea "ikaragarria" dela uste du; izan ere, ondo gogoan du "beste mundu bat" ezagutzeko zortea izan zuela hitzordu haiei esker.

Garai hartan eta gaur egun, Luis Agirre Katxi-k –egungo Domusa Teknik ISB taldeko entrenatzaileak– "denean" lagundu diola nabarmendu du Arozenak. Eta etxekoak ere ez ditu aparte izan hark ibilbidean: "Aitak asko daki saskibaloiaz, ibilbide luzea egina du, eta bere aholkuak entzutea asko gustatzen zait".

Nora Arozena, jaurtiketa libreetan. (ISB)

Txapelketez gain, kontzentrazio ugaritan parte hartu du pibotak, eta saskibaloiaren modalitate desberdinak probatzeko aukera ere izan du; 3x3 da modalitate horietako bat. Izan ere, beti 5x5 formatuan aritu izan bada ere, "esperimentu" gisa hartu du formatu horretan jokatzeko aukera. Gainera, probatu aurretik espero ez bazuen ere, 3x3 formatua gustukoa duela aitortu du.

Ibilbidean urrats bat gehiago

Pausorik pauso egindako bidean, ISBren taldeko gorengo mailara iristea erdietsi du saskibaloi jokalari gazteak. 2023-2024 denboraldian Domusa Teknik ISB taldearekin entrenatzea proposatu zioten, eta haren hitzetan, "ikaragarrizko aukera" izan zen bizitakoa. Emakumeen lehen taldera batu zenean, taldekide guztiak bera baino zaharragoak zirela esan du, baina gaur egun, bere adin inguruko jokalariak ere badirela taldean esan du azkoitiarrak. 

Igaro den udan, gainera, Iraurgik talde horretan aritzeko fitxa egin ziola iragarri zuen, eta orduz geroztik, "elikadura, adibidez" are gehiago zaindu behar duela nabarmendu du pibotak. Hark esan duenez, gainera, bere adin tarteko neska-mutilekin alderatuz gero, bestelako bizimodua egiten du saskibaloiaren eraginez. Dena den, egindako lanak emaitzak ekartzen dituela argi dauka Arozenak, eta horretan jarraitzeko asmoa duela adierazi du.

Domusa Teknik ISBk irailaren 1ean ekin zion denboraldiaurreari, eta gaur egun, astean hiru aldiz entrenatzen du azkoitiarrak taldearekin. Gainera, junior mailako Euskal Ligan ere aritzen da, eta ondorioz, bi lehiak uztartzen ditu. Bere burua lehiakortzat jotzen duenez, eta aritzen den bi ligak erabat desberdinak izanagatik, argi dauka zer bi helburu dituen: "Ikastea eta laguntzea dira nire helburu bakarrak, talde batean zein bestean". Izan ere, ISBren emakumeen talde nagusian esperientziadun jokalariak egoteak "asko ikasteko" aukera eman dio Arozenari, baina bere adin bueltako jendearekin osatutako taldea izanik, "ilusioa" ere baduela esan du.

Nora Arozena, ISBko jokalaria. (N. Arrizabalaga)

Azkoitiarraren hitzetan, "taldearen garrantzia" zer-nolakoa den irakatsi dio Iraurgik, eta horregatik erabaki du etxean gelditzea. Dena den, etxetik kanpo jokatzeko aukera ere jaso du: "Bartzelonatik deitu zidaten, beka bati esker hara joan eta taldean jokatzeko aukera izango nuela esanez, baina etxean gelditzea erabaki nuen". Etorkizunean ere herrian bertan ikusten du bere burua; izan ere, datorren ikasturtean unibertsitateko ikasketak hasiko ditu, saskibaloia albo batera utzi gabe.

Bestalde, Azkoitian eta Azpeitian saskibaloirako zaletasun "ikaragarria" dagoela nabarmendu du hark: "Zortedunak gara zentzu horretan; izan ere, gorengo mailan eta ligan jokatzen duen taldea daukagu herrian". Azkoitiarraren arabera, bi herriak"txikiak" izanagatik, klubeko jokalarien maila handia da, eta saskibaloi jokalari profesional askoren sehaska da Iraurgi Saskibaloi Taldea.

Motzean

  • Adina: 17 urte.
  • Ikasketak: Batxilergoko bigarren maila ari naiz egiten.
  • Lanbidea: Etorkizunean erizaina izatea nahiko nuke.
  • Saskibaloi jokalaria ez banintz... igerilaria izango nintzateke.
  • Partida amaitzean gogoko dut... dutxa bat hartzea eta partidaz hitz egitea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide