'Karmele', 'Heidi. Katamotzaren erreskatea' eta 'April' filmak emango dituzte Baztartxon

Andoni Elduaien 2025eko urriaren 22a

'Karmele' filmaren irudietako bat. (Txintxua Films)

Larunbatetik asteartera bitartean emango dituzte hiru film horiek Baztartxon. Ohiko ordutegian ikusi ahal izango dira hiru filmak.

Karmele, Heidi. Katamotzaren erreskatea eta April filmak emango dituzte larunbatetik asteartera bitartean, Baztartxo antzokian. Ohiko ordutegian ikusi ahal izango dira film horiek herriko antzokian. Hiru filmetatik bi euskara hutsean emango dituzte.

Larunbatean eta igandean, 19:30ean eskainiko dute Karmele filma, eta astelehenean, ikuslearen egunean, 20:00etan. Haurrentzako emanaldi bakarra izango da aste honetan ere; igandeko 17:00etan emango dute haiei zuzendutako Heidi. Katamotzaren erreskatea filma, euskaraz. Ordea, Zinetogram taldeak antolatuta, April filmaren zineforum saioa ere izango da oraingo honetan, eta hura astearteko 20:00etatik aurrera ikusi ahal izango da.

Karmele Donostiako Zinemaldian aurkeztu duten filma da. 1937. urtean dago girotuta, eta Karmele eta haren familia Frantzian erbesteratzen dira, gerraren ondorioz etxetik kanporatuak izan ondoren. Frantzian dagoela, Karmelek erbesteko euskal enbaxada kulturalaren proposamena jasoko du, dantza eta musika ikuskizunen bitartez gerraren kontra borrokatzeko. Txomin ezagutuko du orduan, tronpeta jotzaile profesional bat, eta harekin maiteminduko da. Denboraldi batean Venezuelan bizi ondoren, bikotea etxera bueltatuko da, kendu zieten guztia berreskuratzeko esperantzarekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide