Akelarre taldearen bertsioak entzuteko aukera izango da zapatuan, Elosun

Andoni Elduaien 2025ko urr. 7a, 10:05

Elosuko plazan izango da kontzertua.

20:00etan hasiko da kontzertua Elosuko plazan, eta zazpi artista igoko dira oholtzara Akelarre talde mitikoaren abestien bertsioak eskaintzera. Autobusak izango dira Azkoititik auzora igotzeko eta Elosutik herrira jaisteko. Jan-edanerako postuak ere jarriko dituzte. 

Akelarre taldearen tributoak kontzertua eskainiko du datorren zapatuan, urriak 11, Elosun (20:00). Badira urte batzuk han urriaren 12ro egiten zen feria galdu zela, baina auzoan horren seinalatua zen egunari keinu bat egiteko asmoz, kontzertua antolatu dute aurten.

Hainbat musikari elkartuko dira Elosuko plazan Akelarre talde mitikoaren abestien bertsioak eskaintzeko. Hain justu, zazpi artistaren bategitetik emango dute kontzertua: Garazi Intxauspe, Andoni Ollokiegi, Mattin Ostolaza, Ander Juaristi, Aratz Olaizola, Oier Ponce eta Jaime Gartzea.

Musikazaleek zazpi lagun horien doinuez eta ahotsez gozatzeko aukera izango dute auzoan. Ordea, musikaz gain jan-edanerako postuak ere izango dira Elosun. Janari furgoneta batek eskainiko du janaria, eta edaria, auzoko Elur Txiki elkarteak.

Autobusak Elosura

Azkoitiko Udalak lagunduta, auzora igotzeko nahiz handik jaisteko autobusak izango dira zapatuan. Julio Urkixo etorbidea 7 zenbakiaren alboko geralekutik abiatuko da autobusa 18:00etan; itzulerakoa, berriz, gauerdian (00:00) abiatuko da Azkoitira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide