Bakardadea jasaten duten pertsonen inguruko dokumental emanaldia eta solasaldia izango dira bihar, Elkargunean

Andoni Elduaien 2025ko urr. 6a, 09:48

Proiektuan parte hartu duen emakumeetako bat. (Giza filmoteka)

Aurrena, nahi gabeko bakardadea jasaten duten pertsonen inguruko mikro dokumentalak eskainiko dituzte, eta ondoren, dokumental horiek zuzendu dituen Jose Antonio Vitoriarekin solasaldia izango da.

Bihar, asteartea, zaintzari lotutako dokumentalen emanaldia eta solasaldia izango dira Elkarguneko Oteiza aretoan. 18:00etan hasiko da Azkoitia Lagunkoiak eta udalak antolatutako hitzordua, eta bertan, Ados Teatroak Giza filmoteka proiektua aurkeztuko du herritarren aurrean.

Nahi gabeko bakardadea jasaten duten pertsonen inguruko mikro dokumentalak eskainiko dituzte bihar. Pertsona horien iritziak eta egoerak kontuan hartuta, pertsona bakoitzaren bost minutuko pieza bat eskainiko dute, horien egunerokotasuna zein den eta munduaren inguruan zer nolako ikuspegia duten azalduz. 

Ikus-entzunezko labur horiek eskaini ondoren, bakardadeaz eta gizarte bakartzeaz solasaldia egingo dute proiektuaren zuzendaria den Jose Antonio Vitoriarekin. "Nahi gabeko bakardadea arazo larri bat da gizarte industrializatuetan. Isilpeko pandemia bat da, bost pertsonatik batek jasaten duena, eta eragina du bai landa inguruetan, bai hirietan, adin guztietako pertsonei, osasunari eta bizitzaren kalitateari kalte handia eginez", azaldu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide