Ligako neurketa bana jokatu dute asteburuan Anaitasunako talde nagusiek, eta Ohorezko Erregional Mailako gizonek garaipen argia erdietsi duten bitartean (3-0), Euskal Ligako emakumeen porrota jaso dute (0-7).
Ohorezko Erregionalek atzo izan zuen partida eguna, eta Orioko taldea hartu zuten etxean jokalariek. Lehen zatia ia golik gabe igaro zuten taldeek, baina haren hondarrean, 44. minutuan, Errazuren golak Anaitasunaren alde jarri zuen markagailua. Bigarren zatia, berriz, oparoagoa izan zuten gorritxoek, eta 55. minutuan Carlosek 2-0 jarri zuen markagailua; bi minuturen ondoren, berriz, Pastrik hirugarren gola eman zion taldeari, eta markagailua 3-0 zela amaitu zuten norgehiagoka. Horrenbestez, sailkapeneko bigarren postuan da Azkoitiko taldea 9 punturekin eta Oiartzunen atzetik. Azkoitiko taldeak Mutrikuren aurka neurtuko ditu indarrak ligako bosgarren jardunaldian.
Emakumeen Euskal Ligako taldeak, kontrara, gol zaparrada jaso zuen ligako hirugarren jardunaldian, Antiguoko taldearen aurka. Sailkapenean liderrarena den Berio futbol zelaian jokatu zuen Anaitasunak partida, eta partida makurra izan zen azkoitiarrentzat: lehenengo minutuan lehenengo gola sartu zuen Antiguokok; bosgarrenean, bigarrena; eta 17. minutuan, hirugarrena. Lehen zatia amaitzerako, beste bi gol ere sartu zizkioten Anaitasunari, hark golik egin gabe jarraitzen zuen bitartean. Bigarren zatia ere norabide berean joan zen, eta Anaitasunak hainbat aldaketa egin bazituen ere, ezin izan zuen golik egin. Azkenean, 7-0 amaitu zen haien neurketa.
Emakumeen taldeak ez du behar bezala hasi denboraldia, eta sailkapeneko azken postuan da egun, punturik gabe. Datorren astean, bere aurreko postuan den Bilbao Artizarrak taldearen aurka jokatuko du taldeak, etxean.