Gutuna

Kale Nagusiko zakarrontziak eta kamera

Ane Salegi eta Elena Agirre (Kale Nagusiko hainbat bizilagunen izenean) 2025ko urr. 5a, 08:41

Plazan lehen zeuden zaborrontziak, kenduta. (Utzitakoa)

Kale Nagusiko bizilagun batzuek honako gutun hau helarazi dute eremu horretan zaborrontziekin zein kamerekin duten arazoaren aurrean, eta irtenbidea eskatu dute. 

Denbora tarte gutxian gertuen genituen bi zaborrontzi eremu kendu dizkigu udalak. Lehenik Donibane okindegi aurrekoak, eta orain plazakoak. Kendu dituzte, jartzeko asmorik ez dute, ordea. Behin baino gehiagotan joan gara udaletxera konponbide eske, sinadurak ere bildu ditugu... Erantzuna konponbiderik ez dagoela da, edo konponbideak garestiak direla.

Kale honetan pertsona heldu asko bizi da, gainera; eta plazatik anbulatorio aldera bizi direnak oso deseroso eta urrun dituzte orain zaborrontziak.

Bestetik, kale horretan bertan kamera bat dugu orain, kotxearekin atzeraka sartzen denari isuna jartzeko asmoz. Plazatik gora sartzeko ez dago beste modurik bertan bizi direnentzat, eta askotan, enkarguak etxean uzteko ez dugu beste erremediorik izaten. Ez dugu bertan aparkatzeko eskatzen, baina nolabait, kotxetik gauzak bi minututan ateratzeko aukera izan beharko genuke, isunik jaso gabe. Herri askotan udalak matrikula bidez baimena ematen die kale horretan bizi direnei, normala den bezala.

Udalari arazo horiei konponbidea emateko eskatzen diogu beste behin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide