Aliren "momentuko sentipenak", artelan bihurtuta

Juan Luis Romatet 2025ko urr. 3a, 09:53

Bisitaria Aliren erakusketan. (Juan Luis Romatet)

Iñaki Zabala Ali artista azkoitiarraren 25 lanez osatutako erakusketa zabaldu dute aste honetan Zumaiako Oxford aretoan. Urriaren 19ra bitartean bisitatu ahal izango da.

Margolanek hartu dute argazkien lekukoa Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan. Pasa den asteartean zabaldu zuten Iñaki Zabala Ali artista azkoitiarraren erakusketa Zumaiako aretoan. 25 lan aukeratu ditu hark urriaren 19ra arte bisitatu ahal izango den mostran ikusgai jartzeko.

Urte askotan egindako lanen lagin gisa har daiteke Zumaiarako prestatu duen bilduma. Artelan horietako batzuk lehendabizikoz erakutsi ditu Zabalak. "Denetarik dago. Batzuk aurrenekoz erakutsiko ditut, eta beste batzuek badituzte urte batzuk. Urte askotan zehar egindako lana jaso dut erakusketan", azaldu du Zabalak.

"Momentuko sentipen" gisa definitzen ditu azkoitiarrak bere lanak. Haren margolanen aurrean jarrita, ikusleak elementu figuratiboak nabaritu ahal izango ditu, hondartza ferekatzen duen olatuaren koadroan kasurako, baina beste batzuetan abstrakziora eramango dute lanek bisitaria. "Jendeak artelanen esanahiagatik galdetzen dit. Eta nola erantzun, galdera horrek nire baitan urteak badaramatza… Momentuko sentipenak dira, besterik ez".

Lanen arteko lotura

Zabalak bide luzea egin du dagoeneko artearen munduan, eta denbora horretan ondutako askotariko margolanak bildu ditu Zumaiako erakusketan. "Garai desberdinetan egindako artelanak dira, eta hori begi bistaz ikus daiteke koadroen estiloari, teknikari, koloreei eta forma desberdinei erreparatuta", dio azkoitiarrak. Bata bestearekiko desberdinak diren arren, beraien artean lotura badagoela uste du artistak.

Erakusketa urriaren 19ra arte izango da zabalik Oxford aretoan. Neguko ordutegian irekiko ditu ateak guneak, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan, eguerdietan ere bisitatu ahal izango da, 12:30etik 14:00etara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide