Portaleburu goraino beteta zabaldu du Arrutik bere lehen argazki erakusketa

Ane Olaizola 2025ko urr. 3a, 09:05

Basografia argazki erakusketa estreinatu zuen Egoitz Arrutik atzo Portaleburu erakusketa aretoan, eta izen bereko ikus-entzunezko saioarekin ireki zuen bere lehen jendaurreko proiektua. Herritarrek goraino bete zuten aretoa. 

Mendizaletasuna eta argazkilaritzarekiko afizioa bat eginda, Basografia argazki erakusketa estreinatu zuen Egoitz Arrutik atzo Portaleburu erakusketa aretoan, eta izen bereko ikus-entzunezko saioarekin ireki zuen bere lehen jendaurreko proiektua. Ez edonola, gainera: ikusmin handia sortu zuen erakusketak, eta herritarrek goraino bete zuten aretoa. 

Inguruko basoetako argazki ugarirekin osatu du hark argazki galeria, guztiak ere basoetan ateratakoak edo horiek oinarri hartutakoak. Atzoko hitzaldian, hain zuzen, ikuspegi askotatik basoek izan duten garrantzia azpimarratu zuen hark, zuhaitz basez osatutako eremu horiek, besteak beste, mitologian, arbasoengan eta sinbologian duten presentziagatik. Basoez ez ezik, argazkilaritzaz, arte horri lotutako bere gustuko publikazioez zein irudien garrantziaz ere aritu zen hizketan Arruti. 

Anaitasuna mendi bazkunak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatuta, hiru eguneko Basografia argazki erakusketa zabalik da Portaleburu aretoan bertan. Gaur, ostiralez, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik erakusketa; bihar, 12:00etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara; eta igandean, 12:00etatik 14:00etara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide