Basoari begirada, Egoitz Arrutiren ikuspegitik

Nerea Uranga 2025ko ira. 30a, 11:50

Egoitz Arruti argazkilari azpeitiarra argazkiak egiten. (Utzitakoa)

Basografia egitasmoa aurkeztuko du Egoitz Arrutik etzi, osteguna,18:30ean, Portaleburu erakusketa aretoan. Argazki eta bideoen proiekzioaz eta hitzaldiaz gainera, toki berean argazki erakusketa zabalik izango du Arrutik ostiraletik igandera bitartean. Anaitasuna mendi bazkunak antolatutako ekitaldia izango da.

Basografia argazki erakusketa estreinatuko du Egoitz Arrutik Azkoitiko Portaleburu erakusketa aretoan. Ostegunean, 18:30ean, Basografia ikus-entzunezkoa aurkeztuko du Arrutik aretoan bertan. Segidan, ostiralean, larunbatean eta igandean argazki erakusketa zabalik izango da. Saioa eta erakusketa Anaitasuna mendi bazkunak antolatu ditu, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin.

Orain dela urte batzuk Arrutik martxan jarri zuen proiektu pertsonal batean du jatorria Basografia lanak, eta Azkoitiko baso batean du oinarria. "Mendira eta basora joaten nintzenean zalantza bat izaten nuen beti nik: zenbat begik ikusten ninduten ni. Askotan animalia batzuk ikusten nituen, baina ni ikusten ninduten beste asko ez", dio Arrutik. Jakin-min horrek bultzatuta, basoko animalien begietatik argazkiak ateratzeko saiakera egin du argazkilariak. "Horretarako, argazkiak ateratzekoan beste perspektiba batzuk landu behar izan ditut; azkenean, kamera zuhaitz barruetan jarrita edota lurrean lagata egin ditut argazkiak. Alegia, argazkiak tente ateratzeko nire betiko postura hori aldatu eta buruari buelta batzuk emanarazi dizkiot".

Egoitz Arrutik egindako basoko irudi bat. (Egoitz Arruti)

Basoan argazkiak ateratzeko moduaz gainera, bere gustuak ere aldatzen joan direla gaineratu du azpeitiarrak, "beste estilo bateko argazkiak eginez" eta "beste arte batzuetan murgilduz". Gehiago saiatu da "abstraktotik eta inpresionismotik" gauzak egiten.

Arrutiren argazkiak egiteko moldaera berriak jatorria Azkoitiko baso batean egindako proiektuan du. "Ostegunean, Portaleburu erakusketa aretoan emango dudan hitzaldian, Basografia proiektua aurkeztuko dut, proiektu horrek nora eraman nauen azalduko dut, baita gaur egunean basoen eta animalien inguruan zer argazki ateratzen ditudan ere", aurreratu du argazkilariak.

Aurreneko erakusketa

Hitzaldiaren ondoren, hiru eguneko Basografia argazki erakusketa zabalduko du Arrutik Portaleburu aretoan bertan. Urriaren 3an, ostiralez, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik erakusketa; urriaren 4an, larunbatez, 12:00etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara; eta urriaren 5ean, igandez, 12:00etatik 14:00etara.

Egoitz Arrutiren baso bateko argazkia. (Egoitz Arruti)

Azpeitiar argazkilariak aurrenekoz jarriko du Basografia erakusketa, eta argazki piloa jarriko ditu erakusgai. "Muraletan argazki pixka bat handiagoak jarriko ditut, Azkoitiko baso batean ateratako irudiak izango dira batzuk eta besteak beste baso batzuetan egindakoak. Aretoaren erdian, berriz, mahai batean argazki txiki ugari ipiniko ditut paperean", aurreratu du etzidamu irekiko duen erakusketaren berri Arrutik. Argazkiak paperean inprimatuta edukitzea "asko gustatzen" zaio azpeitiarrari, eta horiek jarriko ditu erakusketan ere: "Argazkiak paperean ikustea, ukitzea eta eskuetan erabiltzea gustatzen zait, eta erakusketara datozenek horretarako aukera izan dezaten mahai gainean jarriko ditut argazkiak".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide