Israeli boikota egitea eskatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizatu dira ikasleak

Andoni Elduaien 2025ko urr. 2a, 13:13

Dozenaka ikasle, gaur, Azkoitia BHIren atarian. (Andoni Elduaien)

Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israelgo Estatuari boikota egiteko eskatzeko gaurko Ikasle Abertzaleek egindako mobilizatzeko deialdiarekin bat egin dute dozenaka ikaslek. Gaur, elkarretaratzea egin dute eguerdian Azkoitia BHI ikastetxearen atarian.

Ikasle Abertzaleek deituta, Israelgo Estatuari boikota egitea eskatzeko eta Palestinaren erresistentziaren alde egiteko greba eguna dute gaur Euskal Herriko hezkuntza sisteman. Deialdiarekin bat eginda, hainbat ikasle elkartu dira gaur Azkoitia BHI ikastetxearen atarian.

Gaur greba egiteko lau arrazoiak zein diren azalduz ekin diote protesta ekitaldiari. Mobilizazioan Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatu dute, baita Gazara bidea egiten saiatu den Global Sumud flotillaren babestu ere; izan ere, bart Israelgo militarrek ontzidia blokeatu eta bertako kideak atxilotu dituzte. 

Israelen arkako "boikota bultzatzea" ezinbestekoa da erakundearentzat, adierazi baitute genozidioa salatzea bakarrik ez dela "nahikoa". Hori hala, genozidioaren "konplize" direnen zerrenda bat irakurri dute; izenen artean, besteak beste, CAF, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta EHU nabarmendu dituzte.

Donald Trump AEBetako presidentearen planean ere ez dute sinisten Ikasle Abertzaleek. "Trumpen plana ez da soluzio bat, okupazioa da, eta PSOE nahiz plan hori babesten ari diren guztien hipokrisia seinalatzeko irten gara kalera gaur. Bi estatuen aterabidea iruzurra da, eta Israelen suntsitzea ezinbestekoa", adierazi dute.

Palestinako egoera "larria" da Ikasle Abertzaleen ustez, eta mundu osoan egiten ari diren moduan, kaleak "hartzera" deitu dituzte herritarrak, guztien artean palestinar erresistentzia babesteko. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide