Alazne Lizundia: "Intza Lizarazuren moduko erreferentea izatea nahi dut"

Andoni Elduaien 2025ko urr. 2a, 08:48

Alazne Lizundia, etxeko partida batean. (Unai Murillo/Mundillo)

Lehen jardunaldian garaipena eskuratuta ekin dio Domusa Teknik ISBk maiatzera arteko bideari. Alazne Lizundia hegaleko jokalaria da talde horretako kapitain berria.

Alazne Lizundia (Azpeitia, 2001) da Domusa Teknik ISBko kapitain berria. Zortzigarren urtea hasi du hark Iraurgin, baina aurtengoa berezienetakoa du: Intza Lizarazuk urte askoan izan duen kapitainaren ardura berea da orain. 

Irabazita ekin diozue sasoiari. 

Oso gustura amaitu genuen partida, denok irribarretsu ginen. Kantxatik kanpo entzundakoak ederrak izan dira; oso talde polita, ikusgarria eta entretenigarria dugula. Sekula ez zait halakorik entzutea suertatu, eta gainera, entrenatzaileak ere halako iritziak jaso zituela esan zigun. Ordea, aste honetako lehen lansaioan partida errepasatu genuen, eta batzuek esan zuten partida kontrolpean ikusi arren, markagailuan alde handia genuenean erlaxatzera egin genuela. Dena den, pozik gaude hasiera ona eman diogulako denboraldiari.

Kapitain lanak betetzea dagokizu aurrerantzean; Intza Lizarazuren oinordeko berria zara.

Ardura sentitzen dut, baina gehienbat psikologikoki eragiten dit. Kapitaina izateak badirudi uzten duela sentimenduak eta espresioak gehiago azaleratzen, baina une oro alai egon behar dudala eta taldekideei gauzak transmititu behar dizkiedala sentitzen dut. Lehen partida horretan urduritasun puntu bat ere banuen; etxeko lehen partida zen, eta denek zekiten taldeak aldaketak izan dituela. Intza [Lizarazu] bezalako figura bat egon eta gero, zaila da haren lekukoa hartzea, baina berak ere eman dizkit pare bat gomendio, eta gustura nago kapitaina izateaz. 

Zein dira Lizarazuk eman dizkizun gomendio horiek?

Urte asko igaro ditut bere alboan: pentsa, hastapenetan nire entrenatzailea ere izan zen. Ama-alabek edo lagun minek bezala ezagutzen dugu elkar. Intzak beti erakutsi izan digu etxeari nahiz etxekoa denari garrantzia ematen, baina, aldi berean, baita hona etortzen diren atzerritarrei bigarren etxe bat ematen ere. Bere jarrera beti izan da positiboa, beti izan da laguntzekoa. Besteentzat Intzaren moduko erreferentea izatea nahi dut nik ere, eta bere pauso berdinak ematen saiatuko naiz. 

Zer transmititu nahi duzu?

Poztasuna eskaini nahi diot taldeari; alaitasun puntua ematen saiatzen naiz seriotasunari pisua kenduz, bere zentzurik onenean. Era berean, gertutasuna erakusten ahalegintzen naiz. Nahi dudana da kanpotik hona etorritakoak etxean moduan sentitzea, haiek edozertarako konfiantza osoa izatea eta urte ona bezain erosoa egitea. Ez nuke nahi inor inoiz gaizki sentitzerik; taldean etengabeko komunikazioa egon dadin nahi dut. Asko ari gara lantzen arlo hori taldean, hasieratik adierazi baitu bakoitzak bere nahia zein den. 

Abiatu duzue maiatzera arteko bidea. Zer moduzko taldea osatu duzue?

Intzaren eta Juanaren [Molina] moduko bi pilare garrantzitsuk utzi gaituzte, eta horrek bakarrik sentiarazi dit taldea asko aldatu dela. Fitxaketak eginda, talde gaztea osatu dugu. Lanerako egundoko gogoa ikusten diot taldeari eta harremana ere ona da. Talde lanerako jokalari onak ditugu, inor ez da bakarlaria, eta iruditzen zait entrenatzaileari ere asko ari zaiola gustatzen taldea hartzen ari den jokamoldea.  

Non du ISBk potentzialtasun handiena? Eta zein arlotan sufri dezake?

Talde gaztea izateak ematen du kantxan halako bizitasun bat; joko ikusgarria eta azkarra egiteko aukera izango dugu. Ordea, ikasi beharko dugu jokoa geratzen eta partiden erritmoak errespetatzen. Iruditzen zait hor dugula erronka handiena. 

Eta hori ikusita, zein dira aurtengo sasoirako helburuak?

Liga hau ez da erraza; behin jaitsi ere egin ginen, nahiz eta gero berriro igo. Joan den astean jokatutako partidan, lehiari ekin aurretik, Luisek [Agirre, entrenatzailea] arbelean Dream big jarri zigun, handira amesteko eskatuz. Jokalari bakoitzak bere desioak izango ditu, baina talde bezala saiatuko gara ahalik eta urrunen iristen; oso goiz da igoerarekin pentsatzen hasteko, baina igoerako kanporaketetatik gertu egotea da gure nahia oraingoz. 

LF Challenge liga estua da. Etxetik urrun maila gogortzea al da zuen nahietako bat?

Etxean beti nabaritzen da jendearen babesa, eta beste era batera bizitzen dira partidak; eroso sentitzen gara. Kanpoan, ordea, zailagoa da. Etxetik kanpo partida batzuk irabaztea lortuko bagenu, pauso handia emango genuke. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide