Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkarteak Burgosera (Espainia) egingo du egunpasa urriaren 23an, ostegunez. Egun osoko irteera izango da uda ostean egingo duten aurrenekoa, eta hori horrela izanda, 08:00etan abiatuko dira Aizkibel liburutegiaren alboko geralekutik autobusean.
Jubilatuen elkarteak azaldu duenez, bidean hamarretakoa egiten geldituko dira, baina otordu hori norberak eraman beharko du aldean. Ez ordea, edaria; elkarteak bera arduratuko da edariez. Burgos bisitatuko dute gero jubilatuek, eta 14:00etan, bazkaria egingo dute Coco jatetxean. Onddoen nahaskia, txerrikiak, hala nola txorizoa eta odolkiak, zainzuriak, arkumea, postrea eta edariak sartzen diren menua dastatuko dute bisitariek.
Bidaian parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez, eta Plaza Ondok bihar, asteartea, zabalduko du horretarako epea; plazak bete arte egongo da egunpasarako izena emateko aukera. Plaza Ondoko bazkideek 45 euro ordaindu beharko dute bidaia egiteko, eta bazkide ez direnek, 50 euro.