Euskola hitzaldi zikloari ekingo dio Maxixatzenek datorren asteazkenean

Julene Frantzesena 2025ko urr. 2a, 08:35

Fermin Muguruza iaz Euskola zikloaren barruan eman zuen solasaldian. (Ane Olaizola)

Euskara gai hartuta, askotariko ertzak jorratuko dituzte urrian egingo dituzten lau hitzaldietan; besteak beste, adimen artifiziala nahiz arnasguneetako egoera. Olatz Perez de Viñaspe, Xabier Arregi, Maddi Dorronsoro, Gari Goikoetxea, Onintza Enbeita eta Aner Peritz izango dira hitzaldietako solaskideak. Hitzordu guztiak Elkargunean izango dira, 18:00etan hasita.

Hirugarren urtez jarraian, Euskola hitzaldi zikloa antolatu du Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak. Urrian izango dira hitzaldiak, asteazkenetan, eta hainbat hizlarik eskainiko dituzte solasaldiak Elkarguneko Intsausti aretoan, 18:00etan hasita.

Lehen hitzaldia datorren asteazkenean izango da. Olatz Perez de Viñaspek eta Xabier Arregik adimen artifizialak euskararengan izan dezakeen eragina izango dute hizpide, Olatz Arregik gidatuko duen hitzorduan. Horiek Adimen artifiziala, euskararentzat pozoi ala ukendu izenburupean eskainiko dute saioa.

Bigarren hitzordua hilaren 15ean izango da; Maddi Dorronsoro izango da gonbidatua, eta hark arnasguneetako errealitateaz jardungo du solasean, Arnasguneetako ahotsak: bertako euskaldunen hizkuntza jarrerak izeneko solasaldian. Hilaren 22an, berriz, Gari Goikoetxeak Iñaki Iurrebasorekin batera kaleratu duen Esnatu ala hil liburuaren aurkezpena egingo du jendaurrean.

Azken hitzordua, berriz, urriaren 29an izango da, eta egun horretan Onintza Enbeita eta Aner Peritz bertsolariek hartuko dute hitza, Deserosotasunak kudeatzen izenburupean egingo duten hitzaldian.

Erronka, nerabeentzat

Euskolarekin batera, euskara elkarteak beste egitasmo bat ere jarriko du abian datorren astean: nerabeei zuzendutako Udazkeneko erronka lehiaketa, hain zuzen. Azkoitia BHIko, Floreaga eskolako eta Bizilore Eskola Aktiboko DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleek parte hartuko dute lehiaketa horretan, eta horiek, gelaka, hainbat galdera erantzun beharko dituzte astez aste, Azkoitiko eta herriko euskarari, musikari, historiari eta kirolari buruzkoak. Erronka horretan puntu gehien lortzen duen taldeak saria jasoko du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide