Garikoitz Mendizabal txistulariak kontzertua eskainiko du etzi, zapatua, Kontzejupean. 12:15ean hasiko da emanaldia, eta Zestoako txistulariak Txalkor txistulari taldea eta Azkoitiko Musika Banda izango ditu bidelagun, haien doinuen laguntzarekin osatuko baitu zapatuko kontzertua.
Musika bandak lagunduta, bost abesti joko ditu Mendizabalek Kontzejupean. Hasteko, Luis Urteagak txistu bandarako idatzitako Euskal Kanta Bilduma rapsodia eskainiko dute. Eduardo Morenoren Txistu eta Bandarako Rapsodiarekin jarraituko dute, eta orduan, nostalgia, poza, erritmoa eta hausnarketak batzen ahaleginduko da txistularia "ezohiko modu batean". Mendizabalen esanetan, "musika deskriptibora edo pelikula bateko soinu banda estilora" gerturatzeko aukera izango dute orduan ikus-entzuleek. Hirugarren abestia Xabier Zabalaren Irribarrea balada izango da, "bakoitzak bere modura goza dezan". Eduardo Gorosarrik idatzitako Idiarena bariazioekin lanarekin jarraituko du Mendizbaalek, eta musika bandarekin jo beharrekoak amaitzeko, Eduardo Morenoren Variaciones de un tiempo pasado obra joko du.
Abesti bat Arenasi
Emanaldiaren bigarren eta azken zatian Txalkor txistulari taldekoekin arituko da Mendizabal. Guztira, bi abesti eskainiko ditu orduan zestoarrak. Aurrena, Homenaje a Laskurain izeneko abestia eskainiko du herriko txistulariekin.
Ordea, ekitaldiaren amaieran joko duten piezarekin borobilduko du txistulariak larunbat eguerdia. Txomin Mujika konposatzaile elgoibartarrak biribilketa bat eskaini dio Angel Mari Arenasi, eta Txalkor taldekoekin abesti hori bera eskainita itxiko dute emanaldia. Abestiak Angel Mari Arenas du izena, eta estreinakoz eskainiko dute jendaurrean. Larunbateko ekitaldiak omenaldi kutsua hartuko du, beraz; izan ere, Arenasek 65 urte egin ditu Txalkor taldean danbor jotzaile bezala, eta 70 urtetik gora herriko musikari bere ekarpena egiten.
Honako lotura honetan dago larunbateko kontzertuaren programari lotuta kaleratu duten eskuorria.