Aitor Zubia arkitekto oñatiarra Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerarioa da joan den larunbataz geroztik. Oñatiarrak ondare historiko izendapena duten eraikinetan egindako esku hartzeak nabarmendu zituzten Bergarako San Pedro elizan egindako ekitaldian, eta Zubiak proiektu esanguratsuenen xehetasunak azaldu zituen hitzartzean, tartean Azkoitiko eliz atariko Idiakez Ederra eraikinarenak. Juan Bautista Mendizabal elkarteko kideak ere parte hartu zuen ekitaldian.
Eraberritze lan horiez gain, zaharberritze zientifikoaz, ondare historikoko eraikinetako esperientzia pedagogikoez, irisgarritasun unibertsalaz eta eraikin horien erabileren arteko orekaz aritu zen Zubia. Ekitaldia amaitzeko, euskal kultura ondarearen etorkizunaz duen hausnarketa ere plazaratu zuen hark. Arkitektoak esan zuen ondarearen etorkizuna "gizarteratzearen, jasangarritasunaren eta hezkuntzaren eskutik" etorriko dela.
Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan eta Buenos Airesko Belgrano Unibertsitatean egin zituen arkitektura ikasketak Zubiak. 2002. urteaz geroztik da Zubia arkitektoa, eta urtebete geroago hasi zuen bere jarduna. 2003an, arkitekto independente gisan ekin zion lanari, baina, 2005ean, Zetabi Arkitektura Bulegoa sortu zuen.
Harrezkero, lan ugari egin du Zubiak ondare historiko izendapena duten eraikinetan. Idiakez Ederra eraikinaz gain, Donostiako Katedralaren zaharberritzea eta Bergarako San Pedro eliza berritzea ere egin ditu hark. Europako, Espainiako eta Euskal Herriko ondare diru laguntzak ere kudeatzen ditu oñatiarrak.