Organista ezagunen bilgune izango da beste urte batez Organo Erromantikoaren Nazioarteko 26. Zikloa

Andoni Elduaien 2025ko ira. 30a, 13:01

Erakundeetako ordezkariak, gaur, Bergarako parrokian. (Udala)

Gaur aurkeztu dute zikloa, eta guztira, hiru emanaldi izango dira Azkoitian. Azkoitiko parrokian izango dira emanaldi guztiak datozen hiru larunbatetan, 20:00etan hasita. Benjamin Righettik, Jose Antonio Pascualek nahiz Jose Ignazio Ansorenak eta Shin-Young Leek emango dituzte kontzertuak Azkoitian.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Fray Joseph Echevarria elkartearekin batera, urrian zehar hiru herri horietan egingo den Organo Erromantikoaren Nazioarteko 26. Zikloa aurkeztu dute gaur, asteartea, Bergaran (Gipuzkoa). Zikloak organoaren musika klasikoa eta garaikidea uztartzea ditu xede, eta aurkezpena baliatu dute kontzertuen berri emateko.

Azkoitiko parrokiako Cavaille-Coll, Loiolako basilikako Lope Alberdi eta Bergarako parrokiako Stoltz Freres organo historikoetan emango dituzte kontzertuak organo jotzaileek, beste urte batez. Guztira, hamar kontzertu eskainiko dituzte zikloaren barruan, baina hiru izango dira Azkoitian eskainiko dituztenak. Datozen hiru larunbatetan –urriak 4, urriak 11 eta urriak 18– emango dituzte kontzertuak Azkoitian, 20:00etan hasita. 

Benjamin Righetti organo jotzaile suediar gazteak irekiko du zikloa, eta hark Guilmanten eta Bizeten obrak interpretatuko ditu, bere konposizio propioez gain. Hilaren 11n, organoa eta txistua entzungo dira parrokian, Jose Antonio Pascual organistaren eta Jose Ignazio Ansorena txistulariaren eskutik. Francken, Usandizagaren, Olaizolaren edo Langlaisen obrak bilduko ditu, besteak beste, bikote horren errepertorioak. Nazioartean ezaguna den Shin-Young Lee artista korearraren emanaldiarekin amaituko da aurtengo zikloa Azkoitian. Bach, Saint-Saens eta Widor artisten zenbait obra interpretatuko ditu korearrak.

Honako dokumentu honetan ikus daiteke aurtengo zikloan parte hartuko duten organisten informazio guztia, baita horiek hiru herrietan eskainiko dituzten kontzertuen egitarauak ere. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide