Kilometroak ospatuko dituzte datorren igandean Elgoibarren, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebuseko hainbat linea indartuko ditu Ikastolen jai horretara joateko eta handik itzultzeko. Hain zuzen, Urola bailaran UK05 linea da erakundeak Kilometroen harira indartuko duena.
Linea horrek Zestoa eta Ermua lotzen ditu autobusez, eta Azpeitia, Azkoitia, Elgoibar eta Eibar zeharkatzen ditu. Aldundiak oraingoz ez du zehaztu Lurraldebusek zer maiztasunekin eskainiko duen zerbitzu hori igandean, baina azaldu du ordutegiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileari arreta emateko 900-30 03 40 telefono zenbakian kontsultatu ahal izango direla.
Azahara Dominguez aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu duenez, garraio publikoa Kilometroetan "medio jasangarria eta erosoa" izateaz gain, "seguruena" ere bada, eta aldundiak horregatik jarriko ditu Lurraldebuseko zerbitzu bereziak martxan, "hala nahi duten pertsona guztiek" Kilometroak jaiaz "gozatzeko aukera" izan dezaten. "Horrelakoetan garraio publikoa indartzea erabilera sustatzeko modu bikaina da, eta, beraz, ohitura jasangarriagoak ezartzea herritarren artean, batez ere gazteen artean, baita itzulera segurua ziurtatzea ere", esan du.