Anaitasuna futbol taldearentzat tristea izan da asteburua. Zapatuan, emakumeen denboraldiko bigarren porrota jaso zuten, oraingoa Derion (Bizkaia); 2-1 galdu zuen Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzailearen taldeak. Atzo, berriz, gizonek ezin izan zieten jarraipenik eman lehen bi jardunaldietan lortutako garaipenei; 1-0 galdu zuten Zumarragako (Gipuzkoa) Urola taldearen aurka.
Emakumeak sasoi berriko lehen garaipenaren bila zelairatu ziren Ibaiondo zelaira. Ondo ekin zioten, gainera; hasi eta segundo gutxira June Diazek aurretik jarri baitzuen Anaitasuna; Ane Zulaikaren erdiraketa probestu zuen Diazek atearen aurrean baloia gurutzatu eta gola egiteko. Pozak ez zuen asko iraun, ordea; derioztarrek seigarren minutuan berdindu zuten norgehiagoka.
Atsedenaldira iritsi baino hamar minutu lehenago, gainera, bigarren kolpea eman zuten etxekoek, markagailua irauliz. Aldageletatik bueltan egoera hori iraultzen saiatu ziren Oruerenak, baina ez ziren derioztarren atea zulatzeko gai izan, eta hala, sasoiko bigarren porrota jaso zuten.
Sailkapeneko azken-aurreko postuan dago egun Anaitasuna. Gainera, datorren asteburuan ere ez du aurkari samurra izango. Bi partidatan lau puntu batu dituen Antiguokoren aurka jokatuko dute etxetik kanpo. Oraindik goiz bada ere, lehen baino beranduago puntuak batzen hastea komeni zaie gorritxoei.
Gizonek, ezin hirugarrena
Anaitasunako gizonek, bestalde, atzo arratsaldean jokatu zuten Zumarragako Argixao zelaian. Bi partidatan bi garaipen eskuratuta ekin zioten atzoko lehiari Loren Barbadorenek, baina gorritxoek ezin izan zuten oraindik punturik pilatu gabe zegoen Urolaren aurka ezer batu.
Neurketa atsedenaldira hutsean iritsiko zela zirudienean, etxekoek gola egin zuten, eta hortik aurrera emaitza hori iraultzeko ahaleginean murgildu zen taldea. Ordea, saririk ez. Gorritxoek ezin izan zuten hirugarren lehian hirugarren garaipena eskuratu.
Orain, sailkapeneko seigarrena da Anaitasuna, sei punturekin. Datorren asteburuan, Barbadorenek beste puntu dituen Orioko taldea izango dute aurkari gorritxoek.