Gimnastika erritmikoko Gipuzkoako Txapelketa jokatu dute gaur, zapatua, Elkarguneko kantxa nagusian. 10:15ean ekin diote lehiari han, eta 13:30era bitartean, 80 bat gimnasta aritu dira askotariko ariketak egiten. Guztira, 32 ariketa eskaini dituzte Gipuzkoako hainbat bazterretatik etorritako gimnastek. Hain justu, Tolosako, Donostiako, Eibarko nahiz Ibarrako gimnastak izan dira gaur, Azkoitian.
Senior, junior, gazte, haur eta kimu mailako kirolariak aritu dira Elkarguneko tapizaren gainean beren trebeziak erakusten. Besteak beste, zintarekin, uztaiarekin, mazoekin nahiz bolarekin egin dituzte haiek ariketak. Tolosa izan da gaurko saritu nagusia; Tolosako kluba haurren, kadeteen, juniorren eta seniorren mailetan nagusitu da. Aldiz, Donostiako taldea gazte mailan nagusitu da.