Elgoibarko Rallysprinta dela eta, Azkarateko errepide zaharra itxiko dute bihar arratsaldean

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 26a, 09:28

Auto bat, iazko Elgoibarko Rallysprintean lehiatzen. (Barren)

Elgoibarko Rallysprintaren bigarren edizioa jokatuko da bihar, 14:00etan hasita, eta, ondorioz, Azkoititik Elgoibarrera doan errepidea itxita egongo da 12.45etik 20:00etara. 

Elgoibarko Rallysprintaren bigarren edizioa jokatuko dute bihar Azkarateko errepide zaharrean. 14:00etan hasiko da lasterketa, eta 12:45etik 20:00etara itxita egongo da Azkoititik Elgoibarrera doan errepidea.

Rallyan izena eman duten 43 autoak Olaran baserritik abiatuko dira Elgoibar aldera, eta 8,65 kilometroko ibilbidearen amaiera Sallobenterako bidegurutzetik gertu izango dute helmugako marra. Hiru txandatan lehiatuko dira pilotuak.

Euskadiko Rallysprint Txapelketarako puntuagarria izango da biharko proba. Zazpi probek osatzen dute txapelketa eta azkenaurrekoa izango da Azkaraten jokatuko dutena. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide