Atzo, osteguna, iraileko Isilune Zirkulua egin zuten herriko plazan, Palestinarentzat justizia eskatzeko nahiz Israel han egiten ari den "sarraskia" aho batez salatzeko. 20:00etan elkartu ziren plazan dozenaka lagun, eta elkarretaratze isilaren amaieran, genozidioaren aurrean konprometitzeko deia egin zieten herritarrei, Israelen kontrako boikot kanpainarekin bat egiteko eskatuz.
"Palestinan egoerak okerrera baino ez du egin", ohartarazi zuten Isilune Zirkuluaren antolatzaileek herriko plazan elkartu ziren herritarren aurrean. Zehaztu zuten genozidio israeldarrak hainbat aldeetatik erasaten diotela Palestinako herritarrei, besteak beste, haien herrietatik bota dituztela, gosez eta bonbekin hiltzen ari direla eta azpiegiturak suntsitu dituztela.
"Nazioarteko inpunitatearekin eta mundu osoaren aurrean ari da Israel, begi-bistan dugu triskantza, baina ez du erantzun irmorik", deitoratu zuten.
Genozidioaren kontra oihu egin behar dela aldarrikatu zuten, baina, herritarrek hori baino gehiago egin dezaketela gogoratu zuten. Zehazki, Israelgo produktuei, enpresei, erakundeei, kultur eragileei eta kirolariei boikota egiteko deia zabaldu zuten Azkoitiko plazan. "Hego Afrikan Apartheidari mundu mailako boikot kanpainarekin eman zitzaion amaiera. Horixe bera da Israelekin ere egin dezakeguna, bakoitzak gure ekarpena eginda", berretsi zuten.
"Palestinaren borroka justizia unibertsalaren aldeko borroka da, genozidio ororen aurkako borroka da, giza eskubideen eta herrien eskubideen aldeko borroka da, gutako bakoitzaren eta gure seme alaben etorkizuneko munduaren borroka da!", aldarrikatu zuten elkarretaratzearen bukaeran.