Elkarguneko Oteiza aretoa jendez lepo, Javier Ruiz neurologoaren hitzaldia jarraitzeko

Andoni Elduaien 2025ko ira. 25a, 08:40

Elkarguneko Oteiza aretoa, jendez lepo. (Andoni Elduaien)

Zenbait herritarrek zutik jarraitu behar izan zuten Ruiz neurologo ezagunaren atzoko hitzaldia. Gaixotasun neurodegeneratiboak izan zituen hark hizpide, oro har; horiei buruzko azalpenak eman zituen hasi eta buka.

Javier Ruiz neurologoak herritarren arreta piztu zuen atzo, asteazkena. Gaixotasun neurodegeneratiboez hitz egin zuen Donostia ospitaleko neurologia saileko buruak eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileak, Elkarguneko Oteiza aretoan. Azkoitiko Babes Sareak (ABS) antolatuta eta udalaren nahiz Azkoitia Lagunkoiaren laguntzarekin egin zuten atzoko saioa, eta herritarrek ezin hobeto erantzun zuten; aretoan jarritako aulki guztiak beteta, zenbaitek zutik jarraitu behar izan zuten Ruizen hitzaldia.

Alzheimer-Parkinson: nola elkarbizi arrisku honekin izeneko hitzaldia eskainiko zuen hark. Hain justu, bi gaixotasun horiek eta gainerako beste gaixotasun neurodegeneratiboak izan zituen hizpide Ruizek. Gaixotasunen esanahiak zein diren azalduz ekin zion hitzorduari, eta segidan, orain arteko ikuspegia, egungoa eta etorkizunekoa zein diren azaldu zuen hark.

Doktore horren arabera, zahartzaroari lotuta dauden gaixotasun neurodegeneratiboek "gero eta pisu handiagoa" dute medikuntzan, baina datozen urteetan gizarte osoari eragingo diote. Gainera, Ruizek dio parkinsona eta alzheimerra "epidemia" izango direla etorkizunean.

Gaixotasun neurodegeneratiboen bueltako ikerketa lan ugari egin ditu Ruizek. (Andoni Elduaien)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide