Sidenorren etorkizuna bermatuko duen "irteera negoziatzeko garaia" da UGT, CCOO eta USO sindikatuentzat

Andoni Elduaien 2025ko ira. 24a, 15:41

Azkoitiko Sidenor lantegiko kartela. (Andoni Elduaien)

Urriaren 31n hemezortzi hilabete beteko dira aldi baterako lan erregulazio espedientea ezarri zutenetik. Enpresak lan hitzarmena berritzeko egindako proposamenaren aurrean langilearen gehiengoak adierazitako "borondatea errespetatzeko" eskatu diete UGT, CCOO eta USO sindikatuek ELAri eta LABi.

Urriaren 31n hemezortzi hilabete beteko dira Azkoitiko Sidenor lantegian aldi baterako lan erregulazio espedientea ezarri zutenetik. Espediente hori betetzeko hilabete eskas falta dela kontuan hartuta, UGT, CCOO eta USO sindikatuek ohar bateratua kaleratu dute gaur, asteazkena, Sidenor lantegiaren eta hango langileen etorkizuna bermatuko duen "irteera negoziatzeko garaia" dela adierazteko; izan ere, salatu dute enpresa batzordean gehiengoa duten ELA eta LAB sindikatuek "ia bi urtez blokeatuta" dituztela elkarrizketarako bideak.

Ez aurrera, ez atzera dituzte Sidenorren aldi baterako lan erregulazio espedienteari eta duela bi urtetik berritu gabe duten lan hitzarmen kolektiboaren negoziazioari lotutako elkarrizketak. Ordea, hiru sindikatu horiek azaldu dute langileek "behin baino gehiagotan" erakutsi dutela akordio bat lortu ahal izateko "aurrera egiteko borondatea". Era berean, UGT, CCOO eta USO sindikatuek azaldu dute industria jarduera ezak "ziurgabetasun handiko egoera" sortzen duela enpleguaren etorkizunari eta lantegiaren bideragarritasunari dagokionez. Horren aurrean, hiru sindikatuek "posizioa aldatzeko" eskatu diete ELA eta LAB sindikatuei. "Sidenorreko langileek adierazitako borondatea errespetatzeko eskatzen diegu, langileen eta lantegiaren etorkizuna bermatuko duen negoziazioa gauzatzeko".

Eskaera horri lotuta, gogorarazi dute lantegian batzar bat egin ahal izateko sinadura bilketa bat antolatu zutela, han enpresak egindako azken proposamena bozkatu zedin. Horri lotuta, erreferendum bat egin zuten gero, eta hiru sindikatuek nabarmendu dute bozketan parte hartu zutenen %85k proposamen horren alde egin zutela. Negoziazioaren ondotik langileek jasoko zutena zein zatekeen ere gehitu nahi izan dute: "Enpresak egindako proposamenak bost urteko indarraldia zuen, eta besteak beste, 2029. urtera arteko egonkortasuna nahiz etorkizuna bermatzen ziren, baita soldata igoerak, lanaldi murrizketak, KPIa erregularizatzeko klausulak eta enplegu egonkorra bermatu ere".

Ordea, UGT, CCOO eta USO sindikatuek salatu dute, ELA eta LAB sindikatuek uko egin ziotela akordioa onartzeari, eta negoziazioa ixteko akta adostasunik lortu gabe sinatu zutela. Gainera, hiru sindikatu horiek uste dute "argi" dagoela lan hitzarmen berri bat sinatzeko gogoa duela langileen gehiengoak. "Hitzarmen berri bat izateko nahia adierazi du langilearen gehiengoak, bide horretatik lortuko baita soilik langilearen lan baldintzak eta lantegia bera egonkortzea", azaldu dute. Aldi baterako lan erregulazio espedientea iraungitzeko hilabete eskas falta denean, jarrera aldaketa eskatu diote orain ELAri eta LABi.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide