Ibarmia eta Lagun lantegiak, makina-erremintaren EMO Hannover 2025 azokan

Andoni Elduaien 2025ko ira. 24a, 10:18

1.500 konpainiak jarri dute postua EMO Hannover azoka. (EMO Hannover)

Guztira, mundu guztiko 1.500 konpainia elkartu dira Hannoverren (Alemania), eta horietatik bi dira Azkoitikoak. Azokan parte hartzen ari diren lantegiek sektore nagusienetarako azken berrikuntzak eta kontsumorako produktuak aurkeztea dute xede. 

Makina-erremintaren Hannoverko (Alemania) EMO Hannover 2025 azokan parte hartzen ari dira Azkoitiko Ibarmia eta Lagun Machine Tools lantegiak. Guztira, mundu guztiko 1.500 konpainia elkartu dira han, tartean Gipuzkoako hogei enpresa, eta horietatik bi, Azkoitikoak. 

Aurten, sektore nagusienetarako azken berrikuntzak aurkeztu dituzte, baita kontsumorako produktuak ere. Aipatutako sektore horien artean daude, besteak beste, automozioa, aero-espazioa, trenak, energia, doitasunezko ingeniaritza nahiz elektronika, ingeniaritza biomedikoa, ingeniaritza mekanikoa eta ekipamendu ondasunak. Fabrikazio teknologien nazioarteko azoka ostiralera bitartean egingo dute Hannoverren.

Azokan dauden Gipuzkoako hogei enpresek 2.729 metro koadroko erakusketa azalera dute. Gipuzkoakoak dira azokako euskal enpresa guztien %66. Europako Batasuneko hirugarren ekoizlerik handiena dira egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, eta munduko bederatzigarrena, bai ekoizpen bolumenari dagokionez, bai gaitasun teknologikoari dagokionez.

Aldundiko ordezkarien bisita

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari nagusiek atzo, asteartea, egin zuten bisita Hannoverko azokara. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Unai Andueza Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoak saileko diputatu zein Amaia Arregi Ekonomia Sustapeneko zuzendari azkoitiarrek egin zuten bidaia Alemaniara, besteak beste. 

Gipuzkoako makina-erremintari "babesa" emateaz gain, Gipuzkoako enpresak "zuzenean entzuteko" eta sektorearen egoera zein den ezagutzeko baliatu dute bidaia aldundiko ordezkariek. "Egungo ezegonkortasun une honetan, gure esku dagoen guztian laguntzen jarraitu nahi dugu, digitalizazioak, automatizazioak, jasangarritasunak eta ziurgabetasunak markatutako testuinguru honetan aurre egin beharreko erronketan. Funtsezkoa da makina-erremintatik eta haren errealitatetik hurbil egotea; gure enpresen lehiakortasuna babesteko, horiek dira gure ekonomiaren muina, eta, azken batean, baita gure ongizatearena ere", azaldu zuen.

Aldundiko ordezkariak, atzo, azokan. (Aldundia)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide