"Ezin dugu gehiago itxaron, langileon duintasuna ez dago salgai"

Ane Olaizola 2025ko ira. 23a, 12:55

Juaristi eta Aitekeko langileen prentsaurrekoa, gaur. (Ane Olaizola)

Azkoitiko Juaristi eta Aitek enpresetako langileek agerraldia egin dute goizean, urtebetez luzatzen ari den lan gatazka agerian uzteko. Zuzendaritzaren "utzikeria" salatu dute, eta 130 lanpostu eta hainbat familia "arriskuan" daudela ohartarazi. 

Azkoitiko Juaristi eta Aitek enpresetako langileek lehendabizikoz prentsaurrekoa eman dute gaur goizean, urtebetez luzatzen ari den egoera salatzeko. Aitek-Juaristi SOS zioen pankartaren aurrean elkartu dira dozenaka behargin Juaristi lantegiaren aurrean, eta ozen esan dute "nahikoa" dela: "Ez gara isilduko, ezin dugu gehiago
itxaron, langileon duintasuna ez dago salgai".

Langileek azaldu dutenez, zuzendaritzaren aldetik —bi enpresek gerentzia partekatzen dute– "proposamen zehatzik eta bideragarritasun plan argirik gabe" jarraitzen dute gatazka hasi zenetik urtebetera, eta egoera ezin dela gehiago luzatu ohartarazi dute. Haien arabera, bi lantegietako beharginek "arduraz" jokatu dute orain arte, "enpresaren hobe beharrez", baina egoera "jasanezina" bihurtu zaie: "Enpresa hondoratzen ari da zuzendaritzaren utzikeriaren ondorioz, eta ezin dugu onartu gure lanpostuak, herriko jarduera ekonomikoa eta gure etorkizuna arriskuan jartzea".

Beharginak gaur-gaurkoz bizitzen ari diren egoeraren berri eman du Laxaro Zubeldia langileak agerraldian: bi enpresen zor ekonomikoei dagokienez, lau nomina, bost aparteko ordainsari eta Geroaren hamasei hilabeteko pentsioa jaso gabe dituzte. Ordainketetan, gainera, zuzendaritza langileen artean "sailkapen arbitrarioak eta bidegabeak" ezartzen ari dela salatu dute: "Irizpide gardenik gabe eta modu guztiz interesatuan soldaten artean desberdintasunak egon dira, langileen batasuna apurtzeko eta indar kolektiboa ahultzeko helburuarekin". 

Maiatzaz geroztik, gainera, aldi baterako lan erregulazio espedientea indarrean dute Juaristiko eta Aitekeko langileek, eta haiek salatu dute zuzendaritza ez dela ari betetzen orduan adostutako baldintzak. "Lan erregulazio espedientearen baldintzetako bat zen langileek hilero ordainsaria jaso ahal izatea zein enpresa bideragarri bihurtzeko pausoak ematea, hark lan prozesua martxan jarri zezan, baina azken hori ez du egin". 

"Informazioa ezkutatu"

Ekainean jakin zuten, bestalde, iazko azaroan nagusiak Juaristiren pabiloia saldu zuela, eta ordura arte informazioa "ezkutatu" izana egotzi diote enpresaburuari, eta zera gaineratu dute: "Bost milioi euro jaso ditu salmenta horrekin, baina ez dakigu diruarekin zer egin duen; ez dugu islatuta ikusi gure nominetan, ezta lantegian bertan ere, lan egiteko materialik gabe jarraitzen dugulako". Izan ere, langile gehienek egunerokoan "lanik ez" dutela azaldu dute. 

Testuinguru horretan, langileek "argi" dute nagusiak "ezkutuko itxierara" daramala enpresa, eta azaldu dute lantaldearen %40 "alde egitera behartua" izan dela, "inolako kalte ordainik" jaso gabe. 

Lantegien egoera zuzendaritzaren "kudeaketa txarraren ondorioa" dela nabarmendu dute langileek prentsaurrekoan, eta nagusiari "utzikeria osoa" leporatu diote, ez duelakoan aurkezten "inolako plan sinesgarririk" enpresa eta lanpostuak bermatzeko. Ildo horretan, azpimarratu dute 130 lanpostu eta hainbat familia "arriskuan" daudela, eta afera ez dela soilik bi enpresa horiena, "eskualde osoarena" baizik. Horregatik, irmo esan dute "aldaketa sakona eta berehalakoa" behar dela. 

Zehazki, zuzendaritzaren "berehalako aldaketa sakona" exijitu dute, "gardentasunean, profesionaltasunean eta parte hartzean" oinarrituta. Bideragarritasun plan "serioa" aurkez dezala ere eskatu dute, zeinak enpresaren eta lanpostuen etorkizuna bermatuko dituen. Eta erakundeen esku hartzea ere galdegin dute, lanpostuak gal ez daitezen eta langileen eskubideak babes ditzaten. Bide horretan, langileek Gukari adierazi diote Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan direla, hark egoera bideratzeko bitartekari bat jar dezan. Izan ere, zuzendaritzak langileekin duen "harreman eza" ere salatu dute prentsaren aurrean, baina ohartarazi dute haien parte hartzerik gabe, Juaristi zein Aitek "itxierara kondenatuak" daudela. 

Egoera salatzeko, langileek mobilizaziora jo dute, eta datorren ostiralerako deituta duten manifestaziora joateko deia eginez amaitu dute agerraldia. 19:00etan hasiko da manifestazioa, Azkoitiko plazan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide