Azkoitiko Udalak iraileko ohiko udalbatzarra egingo du bihar, asteazkena. Udaletxeko bilkura areto nagusian bilduko dira 18:00etan EAJko, EH Bilduko, Azkoitia Bai herri plataformako eta PSE-EEko udal ordezkariak, 11 puntuko eguneko zerrenda eztabaidatzeko.
Energiari eta klimari buruzko planaz, aurtengo kontrol finantzarioko planaz, udal langileen soldata igoeraz eta Oinartxo eremuko plan partzialaren aldaketaz ere jardungo dute, besteak beste.
Gukak, udalari esker, zuzenean eskainiko du biharko udalbatzarra, 18:00etatik aurrera. Hona hemen biharko bilkuraren eguneko gaien zerrenda:
- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
- Azkoitiko Udalaren jabetzako den 3311 finkaren izaera juridikoa aldatzeko akordioa.
- Udal langileen ordainsarien % 0,5eko igoera gehigarria onestea 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.
- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko 2 zenbakidun espedientearen onespena.
- 2025eko aurrekontua exekutatzeko udal arauaren aldaketa onartzea: aurrekontu parte-hartzaileetako Berme Batzordeko kideen ordainketa arautzea.
- Azkoitiko arau subsidiarioetako 26 HE Oinartxo Esparruaren Plan Partzialaren 4. aldaketaren behin betiko onespena.
- Azkoitiko Klimaren eta Energia iraunkorraren aldeko plana behin betiko onartzea.
- 2024 urteko plan finantzarioaren emaitzen urteko txosten laburtuaren berri ematea.
- 2025 ekitaldiari dagokion kontrol finantzarioko urteko planaren berri ematea.
- Aurrekontuari buruzko informazioa.
- Galde-erreguak.