Trikiti doinuz agurtu dute Errota

Ane Olaizola 2025ko ira. 23a, 09:55

Trikitilariak Errota omentzen, atzo. (Ibon Errazu)

Felix Illarramendi Errota trikitilariaren hileta izan zen atzo, eta inguruko trikitilari ugari elkartu ziren Azkoitiko parrokiaren kanpoaldean, musikariari hainbat pieza eskaintzeko. 

Felix Illarramendi Errota trikitilariaren aldeko hileta elizkizuna izan zen atzo —ostiralean hil zen— Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian, eta dozenaka lagunek trikiti doinuz agurtu zuten musikaria. Izan ere, hango eta hemengo trikitilari ugari elkartu ziren elizaren kanpoaldean Errotari hainbat pieza eskaintzeko.  

Jaiotzez Aizarnako Errotabarrena baserrikoa zen Illarramendi, baina Azkoitian bizi zen. Gaztetan hasi zen hura trikitia jotzen, eta bere kasa ikasi zuen musika tresna hori, inguruko beste hainbat trikitilariri begira, hala nola Auntxa, Maltzeta, Tapia eta Elgetari. Ikasi bakarrik ez, musika tresna berezi bat ere sortu zuen Errotak duela urte batzuk: Jazzbana edo bateria txiki moduko bat; "Errota instrumentua" deitzen zion berak. 

70eko hamarkadan, bestalde, bitan parte hartu zuen Euskal Herriko Trikiti Txapelketan, eta Urola Erdiko txokoak girotzen ere aritu izan zen hainbatetan. 2009an, berriz, Imanol Iturbiderekin batera omenaldia jaso zuen Martirietan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide