Sugar padel taldeko gizonek Euskadiko Padel Txapelketa jokatu dute asteburuan, eta haiek azaroaren 14tik 16ra bitartean Bartzelonan izango den V. Espainiako Kopara sailkatzea lortu dute. Talde horretako kide dira hainbat azkoitiar, baina asteburuan Jon Zabalak parte hartu du Euskadiko Padel Txapelketan. Finala bi egunetan jokatu dute: zapatuan, Astigarragan (Gipuzkoa) jokatu zuten joaneko partida, eta atzo, Derion (Bizkaia) itzulerakoa. Bi egunetan garaile suertatu ziren Sugar taldekoak Padel Zamudio M3 taldearen aurrean.
Bi egunetan hiruna partida jokatu behar izan zituzten Sugar taldeko hiru bikotek. Astigarragan, larunbatean, 5 eta 3 irabazi zuten joanekoa Jokin Segurola-Jon Zabala, Aiert Balerdi-Ekain Muguruza eta Beñat Uranga-Asier Goikoetxea bikoteek. Igandean, Derion, Segurola-Zabala, Balerdi-Uranga eta Eneko Aizpitarte-Goikoetxea bikoteek jokatu zituzten itzulerako hiru lehiak, eta Sugar taldekoek 8-0 irabazi zuten puntuetan. Guztira, 13-3 emaitza eskuratuta lortu dute Espainiako Kopa jokatzeko sailkatzea.
Azkoitiko kide gehiagok ere osatzen dute Sugarren gizonen taldea, hala nola Enaitz Muguruzak, Eneko Etxanizek eta Iban Aranbarrik. Asteburuan taldea zortzi lagunek ordezkatu zuten, baina urte guztian zehar hamahiru ordezkari aritu dira lehian; aurrez aipatutakoez gain, Asier Larrañaga azpeitiarrak eta Iñaki Unanue donostiarrak ere bai. Ordea, Bartzelonara bidaia hamar bat lagunek egitea aurreikusi dute Sugarrekoek.