Gaixotasun neurodegeneratiboak izango ditu hizpide Javier Ruiz neurologoak bihar, Elkargunean

Andoni Elduaien 2025ko ira. 23a, 08:40

Javier Ruiz neurologoa. (Azkoitiko Babes Sarea)

19:00etan hasiko da bihar Donostia ospitaleko neurologia saileko buruaren eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzailearen hitzaldia. Gaztelaniaz eskainiko du saioa, baina herritarrek euskaraz egin ahal izango dizkiote hari galderak.

Azkoitiko Babes Sareak (ABS) gaixotasun neurodegeneratiboen inguruan hausnartzeko hitzaldia antolatu du biharko, asteazkena, udalaren eta Azkoitia Lagunkoiaren laguntzarekin. Javier Ruiz Donostia ospitaleko neurologia saileko buruak eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileak emango du hitzaldia Elkarguneko Oteiza aretoan, 19:00etan hasita.

Alzheimer-Parkinson: nola elkarbizi arrisku honekin izeneko hitzaldia eskainiko du hark Azkoitian. Hain justu, bi gaixotasun horiek eta gainerako beste gaixotasun neurodegeneratiboak izango ditu hizpide Ruizek. Doktore horren arabera, zahartzaroari lotuta dauden gaixotasun horiek "gero eta pisu handiagoa" dute medikuntzan, baina datozen urteetan gizarte osoari eragingo diote. Gainera, hark azaldu du parkinsona eta alzheimerra "epidemia" izango direla etorkizunean.

Gaixotasun horien orain artekoa ikuspegiaz, egungoaz eta etorkizunekoaz hitz egingo du medikuak Elkargunean. Gaztelaniaz eskainiko du hitzaldia Ruizek, baina galderak euskaraz egin ahalko dizkiote hari bertaratzen diren herritarrek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide