Ongizate emozionalari buruzko oinarrizko gakoak jasotzeko aukera izango dute nerabeek ostiralean

Andoni Elduaien 2025ko ira. 22a, 14:23

Nerabeei zuzendutako saioa izango da ostiralekoa. (Freepik)

Buru osasunerako onuragarriak diren ohitura osasungarriak sustatzea xede duen doako ikastaroa eskainiko dute ostiralean, Artxamendi topalekuan. 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat izango da saioa.

Datorren ostiralean, irailak 26, ongizate emozionala buruzko oinarrizko ikastaroa izango da Artxamendi topalekuan, Elkargunean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Nerabeak programaren barruan, 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei eta nerabeei zuzendutako doako saioa izango da, eta bertan buru osasunerako onuragarriak diren ohitura osasungarriak sustatzea izango dute xede, arrisku faktoreak zein diren ezagutuz nahiz prebenituz, eta babeserako dauden faktoreen garapena bultzatuz.

18:00etatik 20:00etara bitartean egingo dute ongizate emozionalari lotutako aurreneko saioa; izan ere, urte amaierara bitartean hitzordu ugari izango dira ikastaro horri lotuta. Ostiraleko saioan, marrazki teknika artistikoetan oinarritutako dinamikak erabiliko dituzte. Introspekzio emozionala errazteko bizipen eta esperientzia tresna gisa erabiliko dituzte marrazkiak. Hariak proiektuko trebatzaileen eskutik jasoko dute ikastaroa nerabeek.

Hurrengo hitzorduak

Urriaren 21ean, asteartez, kuadrillen saltsak hartuko dituzte ongizate emozionalaren gaia lantzeko. Artxamendi topalekuan izango da saio hori ere –18:00etatik 20:00etara–, eta nerabeek harremanak izateko dituzten moduei buruzko hausnarketarako espazio horizontal seguru bat sortzea izango dute helburu.

Astebete geroago, berriz, begirada kritikoen eta diskurtso ukatzaileen inguruko oinarrizko ikastaroa eskainiko dute, leku eta ordu berean. Saio horren helburua izango da espazio seguru bat eratzea gorroto-diskurtsoen, diskurtso diskriminatzaileen eta ukatzaileen inguruan eraikitako ikaskuntzak lantzeko, eta pentsamendu kritikoa nahiz narratiba alternatiboak kolektiboki eraikitzeko. Azaroaren 20an, berriz, ikastaro horri lotuta, fake newsak izango dituzte hizpide.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide