Aurreko bi urteetan txapeldunorde gelditu ondoren, aurten garaikurra altxatu ahal izan du Domusa Teknik ISBk Bigarren Mailako Euskal Kopan, Galdakaon (Bizkaia).
Herenegun, finalaurrekoan, Ibaizabal etxeko taldea 62-53 mendean hartu zuen Luis Agirre Katxi-k zuzentzen duen taldeak. Eta gaur, finalean, aise gailendu zaio Iraurgi Arrasateko (Gipuzkoa) Ointxeri: 44-80 bukatu da partida, eta hasieratik izan du alde nabarmena markagailuan Azkoiti-Azpeitiko taldeak.
Bigarren Mailako Euskal Kopa jokatu duten lau taldeetatik maila gorenekoa zen Domusa Teknik ISB; Espainiako LF Challengean lehiatuko da datorren denboraldian ere, Espainiako emakumeen saskibaloiaren bigarren mailan, alegia. Ointxe, Ibaizabal eta Ausarta Barakaldo (Bizkaia), berriz, LF2n ariko dira, hirugarren mailan.
Hain zuzen ere, datorren asteburuan ekingo dio LF Challenge ligako 2025-2026 sasoiari Domusa Teknik ISBk. Etxean hasiko du denboraldia Iraurgik, Kataluniako Santfeliuenc taldearen kontra.