Kulturartekotasunak eta elkartasunak aterpe hartu dute Berdura Plazan

Ane Olaizola 2025ko ira. 21a, 15:02

Kulturartekotasun Jaia eta Garapenean Bidelagun azoka egin dute eguerdian, eta eguraldi iragarpenaren ondorioz Berdura Plazara lekualdatu dute egitasmoa; herritar ugari elkartu dira. 

Kulturartekotasun Jaiak eta Garapenean Bidelagun azokak bat egin dute gaur eguerdian Azkoitian, eta egitasmoaren bidez, munduko beste kultura batzuk zein zenbait gobernuz kanpoko erakundek egiten duten lana ezagutzeko aukera izan dute herritarrek. Hasiera batean plazan ziren egitekoak bi egitasmoak, baina eguraldi iragarpenaren ondorioz, azkenean Berdura Plazan hartu dute aterpe guztiek. Edonola ere, herritar ugari elkartu dira han. 

Jatorri desberdinetako herritarrek beren herrialdetako jakiak prestatu dituzte batetik, eta besteak beste, Nikaraguako, Albaniako, Marokoko, Saharako eta Nikaraguako plater tipikoak dastatzeko zein dantzak ikusteko aukera izan da; bestetik, herrian lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeek postuak jarri dituzte, bertaratu direnek haien berri izan dezaten. Honako erakunde hauek parte hartu dute azokan: Darahli elkarteak, Lumaltik Herriakek, Munduko Begiakek, Mundu Solidarioa Helburuk, Itsas Salbamendu Humanitarioak, Azkoitiko Misio Taldea-Mali Elkartasunak, Acoesek, Gazteak eta Garapenak, Salvador Elkartasunak eta Behar Bidasoak. 

Udalak antolatutako egitasmoa izan da gaurkoa, eta haren arabera, Kulturartekotasun Jaiaren helburua izan da "migratzaileen parte hartzea sustatzea" eta "hainbat jatorritako kolektiboei ikusgarritasuna" ematea, herritarren artean harremanak bultzatuz. 2013tik egiten duten azokaren helburua, berriz, boluntarioen lana erakustea zein munduko hainbat lekutan bizi diren errealitateen inguruko sentsibilizazio gune bat sortzea da. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide