Asteburu gazi-gozoa izan da Anaitasunaren talde nagusientzat

Ane Olaizola 2025ko ira. 21a, 11:36

Anaitasunako gizonen lehen taldea, artxiboko irudi batean.

Ligako partida bana jokatu zuten Anaitasuna futbol klubeko talde nagusiek atzo arratsaldean, eta Euskal Ligako taldeak partida galduz hasi zuen denboraldia etxean. Ohorezko Erregionalek bigarren garaipena erdietsi zuten, eta lider dira sailkapenean. 

Iñigo Oruesagastik zuzentzen duen emakumeen taldeak atzo hasi zuen Euskal Ligako 2025-2026 denboraldia, baina ez zion behar bezala ekin denboraldiari, porrota jaso baitzuen taldeak etxean. Anaitasunak Hernaniren aurka jokatu zuten sasoiko aurreneko partida, eta 0-2 egin zuten bi taldeek. 

Partida hasi eta minutu gutxira sartu zuen Hernanik lehenengo gola, eta bigarren zatian, 55. minutuan iritsi zen haien bigarrena. Hainbat ahalegin eginagatik, etxekoek ezin izan zuten golik egin, eta punturik lortu gabe amaitu zuten estreinako norgehiagoka. Sailkapeneko azken hirugarren postuan kokatu da Anaitasuna aurreneko jardunaldian, eta hurrengo astean, Derioren aurka jokatuko du partida, Bizkaiko udalerri horretan. 

Ohorezko Erregional mailako taldeak, bestalde, denboraldiko orain arteko bi partidak irabazi ditu. Gizonek ere atzo izan zuten partida eguna, Debako (Gipuzkoa) Errotazar zelaian; Amaikak Bat taldearen aurka jokatu zuten, eta gorritxoek 1-2 irabazi zuten norgehiagoka. 

Lehen ordu erdian, Anaitasunak hainbat aukera garbi izan dituzten gola sartzeko, baina markagailua husna zela joan ziren taldeak atsedenaldira. Albi izan zen partidaren norabidea aldatzen hasi zena, 73. minutuan gola sartuta. Hamaika Batek txartel gorria jaso zuen, eta jokalari bat gutxiagorekin jarraitu bazuen ere, Debako taldeak gola sartzea lortu zuen gutxira. Dena den, partidaren hondarrean Jakes Diazek bigarren gola eman zion Anaitasunari, eta baita garaipena ere. 

Bitik bi partida irabazita, lider jarri da Anaitasuna sailkapenean, Oiartzunekin puntuetan berdinduta. Datorren astean Urola taldearen aurka neurtuko ditu indarrak, etxetik kanpo.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide