155 bat txirrindulari eta giro paregabea, Mangaixue martxan

Ane Olaizola 2025ko ira. 20a, 18:16

Plazaberritik hasita, bi ibilbide izan dituzte aukeran txirrindulariek, eta besteak beste, Oleta, Samiño eta Txalintxo zeharkatu dituzte. 

Anaitasuna mendi bazkunaren eskutik, Mangaixue mendi bizikleta martxa egin dute gaur zazpigarren urtez. Ohi bezala, 15:15ean abiatu dira txirrindulariak Plazaberritik, eta antolatzaileen arabera, 155 txirrindulari izan dira parte hartu dutenak; horietatik hiru emakume izan dira.

Inguruko mendietan egiteko bi ibilbide izan dituzte horiek guztiek aukeran: 33 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa– edota ibilbide motza –25 kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa–. Ibilbide motzean, txirrindulariek Oleta eta Samiño igo dituzte aurrena, eta gero, Txalintxo ingurura jaitsi dira, han zati txiki bat egiteko. Ibilbide luzean ere Oleta gainera jo dute lehendabizi txirrindulariek, eta han inguruan zortzi kilometro inguruko itzulia egin behar izan dute. Handik Samiñora joan dira, eta azkenik Txalintxora, han ibilbide motzekoek baino buelta handiagoa egiteko. 

Giro paregabean hasi dute Mangaixue, herritar ugariren animopean hasi baitute mendi martxa, eta eguraldiak ere laguntzen zuen ibilbidea egiteko. Dena den, ekaitz arriskua zegoen emanda arratsalderako, baina azkenean normaltasunez gauzatu dute martxa. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide