Mendi bizikletaren hitzordua zapatuan, Mangaixueren eskutik

Andoni Elduaien 2025ko ira. 18a, 09:07

Mangaixuen parte hartu zuten hainbat lagun, iaz, Plazaberrin. (Aitziber Arzallus)

Ehun lagun inguruk eman dute izena larunbatean Azkoitian egingo duten mendi bizikleta martxarako. 160 opari baino gehiago banatuko dituzte antolatzaileek partaideen artean.

Etzi egingo dute Azkoitian VII. Mangaixue mendi bizikleta martxa. Urtero moduan, Plazaberritik abiatuko dira txirrindulariak 15:15ean, baina desberdina izango da gero egingo duten bidea. Ohi bezala, antolatzaileek bi ibilbide jarriko dizkiete aukeran bizikleta zaleei: ibilbide luzea –33 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa– edota ibilbide motza –25 kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa–.

Ibilbide motzean, txirrindulariek Oleta eta Samiño gainak zapalduko dituzte aurrena, eta gero, Txalintxo ingurura jaitsiko dira, han zati txiki bat egiteko. Ibilbide luzean ere Oleta gainera jo beharko dute txirrindulariek, eta han inguruan zortzi kilometro inguruko itzulia egin beharko dutela aurreratu dute antolatzaileek. Handik Samiñora zuzenduko dira partaideak, eta azkenik, Txalintxora jaitsiko dira, han ibilbide motzekoek baino buelta handiagoa egiteko. 

Dena den, Mangaixuekoek azaldu dute posible dela ibilbideek "azken orduko aldaketak" izatea; basoak eta bideak garbitzeko azken egunotan egiten ari diren lanei lotuta hartuko dute bidean aldaketaren bat egiteko erabakia antolatzaileek. Nolanahi ere, bizikleta zaleek bidean indarrak hartzeko aukera izango dute, horretarako hainbat anoa gune egokituko baitituzte ibilbideko zenbait puntutan.

Ehundik gora lagun

Antolatzaileek emandako datuen arabera, ehun lagun baino gehiagok eman dute izena mendi bizikleta martxaren zazpigarren aldirako –iaz, 181 lagunek osatu zuten bidea–. Izen ematea itxita badago ere, zapatuan Plazaberrin jarriko duten mahaian izena emanda ere parte hartu ahalko da aurtengo hitzorduan. Helduek zein 18 urtetik beherako lagunek parte hartuko dute aurtengo hitzorduan ere, nahiz eta azken horiek heldu baten baimenarekin egin ahal izango duten bidea. Gainera, partaideek nahi duten bizikleta erabili ahalko dute; hori hala, bizikleta elektrikoa erabiltzea ere baimenduko dute etziko hitzorduan.

160 opari baino gehiago banatuko dituzte proba amaitzean, hala nola urdaiazpikoak, erosketa bonuak, kamisetak eta barazki saskiak. Gainera, mendi martxa bukatutakoan, mokadutxoa egiteko aukera izango dute txirrindulariek, baita dutxatzeko eta bizikletak garbitzekoa ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide