Etzi, astelehena, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak odol ateraldiak egingo ditu Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Hitzordu berezia izango da, gainera, astelehenekoa; izan ere, azkoitiarrek goizez eta arratsaldez izango dute bere odola emateko aukera. Hain zuzen, 09:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:30era bitartean zabalduko dituzte Elkarguneko ateak.
Odola atera behar duten herritarrek badute dagoeneko biharko hitzordua. Aurrerantzean odola ematen hasi nahi duten herritarrek edota informazio gehiago nahi dutenek, berriz, 610 11 21 45 telefono zenbakira deitu dezakete. Hurrengo odol ateraldia urriaren 13an, astelehena, egingo dute Elkargunean, 16:30etik 20:30era.
Erreserba gehienak, baxu
Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak emandako datuen arabera, zenbait odol mailen erreserbak oso baxu daude, eta hori hala izanda, dei egin diete haiek herritarrei, beren ekarpena egin dezaten. O+, O-, A+, A- eta AB- odol taldeen erreserbak minimoetan daudela azaldu dute, eta astelehenekoan ez bada, urriko odol ateraldian parte hartzeko eskatu dute haiek.