Udako etena amaituta, bueltan dira berriz ibilketa nordiko saioak eta Pasira egitasmoa. Sedentarismoari aurre egitea eta gizarte harremanak erraztea zein sendotzea dute helburu udalaren programa horiek, herritarrek egunerokoan jarduera fisikoa egitearekin batera. Horrez gain, Kirol Orientazio Zerbitzua ere berriz martxan dela adierazi du erakundeak.
Ibilketa nordikoari dagokionez, astearteetan biltzen da taldea Elkargunearen kanpoaldean, eta 15:15etik 16:15era ibilaldia egiten dute, "bakoitzak bere erritmoan". Udalaren arabera, ez da beharrezkoa izena emanda egotea, nahikoa baita bertara agertzea, baina norberak eraman behar ditu bastoiak.
Pasira egitasmoak, berriz, bihar hasiko du sasoi berria. Ohi bezala, Aizkibel liburutegiaren parean elkartuko da taldea ostegunero, 10:00etan. Horretarako ere, nahikoa da hitzordura azaltzea.
Udalaren arabera, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonek ere parte har dezakete paseo horietan, parte hartzaileek Izarraitz Lanbide Heziketako Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonen Arreta gradua egiten ari diren ikasleen laguntza izaten baitute, eta ibilbideak taldearen profilera egokitzen baitituzte. Udalarekin batera, honako hauek dira egitasmoaren bidelagunak: Osasun Publikoa, Mugi Azkoitia, Plaza Ondo jubilatuen elkartea, Azkoitia Lagunkoia, Gurutze Gorria eta Caritas.
Osasun komunitarioa eta jarduera fisikoa eskutik doazela jakitun, udalaren helburua da "herritarrei aukera ematea bizi ohitura osasungarriei" bide emateko. Horretarako hainbat programa ditu esku artean, eta Pasiraz eta ibilketa nordikoen saioez gain, Kirol Orientazio Zerbitzua ere eskaintzen du 2020az geroztik.
Bizimodu aktiboa ez duten pertsonei zuzendutako zerbitzua da, Mugiment egitasmoari lotuta dagoena. Bertan, herritarrek aholkularitza eta orientazio zerbitzua jasotzen dute jarduera fisikoan aditua den pertsona baten eskutik, haiek jarduera fisikoa modu erregularrean egin dezaten. Astearteetan, ostegunetan eta ostiraletan Kultur Etxean eskaintzen dute zerbitzua 09:00etatik 13:00etara artean, eta astearte arratsaldeetan ere bai, 14:00etatik 18:00etara artean; asteazkenetan, berriz, anbulatorioan egoten dira, goizeko ordutegian. Harremanetarako, 688 76 39 63 telefono zenbakira deitu edo koz@azkoitia.eus helbide elektronikora idatz daiteke.