Asteburu honetan ebatziko da Euskal Koparen irabazlea, eta lehian izango da Iraurgi SB

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 17a, 11:46

Klubetako, Galdakaoko Udaleko eta Saskibaloi Federazioko ordezkariak, Euskal Kopako partidak iragartzeko eman zuten prentsaurrekoan. (Galdakaoko Udala)

Azkoitiko eta Azpeitiko klubeko jokalariak Galdakaon izango dira asteburu honetan, Bigarren Mailako Euskal Kopa eskuratzeko lehian. Ostiral arratsaldean finalaurrekoa jokatuko dute GDKO Ibaizabalen kontra, eta irabaziz gero, igandeko finalera sailkatuko dira.

Iraurgi SB saskibaloi taldeak Bigarren Mailako Euskal Kopa erdiesteko borroka egingo du asteburu honetan Galdakaoko Urreta kiroldegian. Bertan jokatuko dituzte finalaurrekoak, ostiralean, eta finala, igandean. Azkoitiko eta Azpeitiko klubaz gain, GDKO Ibaizabal, HGB Ausarta Barakaldo eta Mondragon Unibertsitatea Ointxe ariko dira lehian.

Finalaurrekoan, GDKO Ibaizabal izango dute aurkari Iraurgi SBko jokalariek. 20:00etan hasiko duten partida horren irabazlea igandean 12:00etan jokatuko duten final handira sailkatuko da. Urola Erdiko taldearen partidaren aurretik, 17:30ean, HGB Ausarta Barakaldok eta Mondragon Unibertsitatea Ointxek indarrak neurtuko dituzte finalaurreko beste partidan. Hortaz, Iraurgikoek finalerako txartela eskuratuko balute, bi talde horietako baten kontra lehiatuko lirateke igandean.

Asteburuko partidak iragartzeko prentsaurrekoan Luis Sautu Saskibaloi Federazioko lehendakariak adierazi zuenez, "emakumezkoen kirola sustatzeko" helburua du Euskal Kopak. "Emakumezkoen saskibaloia harrotasun iturria da federazioarentzat; gero eta politagoa da kirol hau, eta potentzial ikaragarria dugu", baieztatu zuen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide