Kulturartekotasun Jaiak eta garapenerako ekimenak bat egingo dute igandean

Nerea Uranga 2025ko ira. 17a, 08:55

Kulturartekotasun Jaian eta Garapenean Bidelagun azokan parte hartuko dutenak. (Azkoitiko Udala)

Aurten bigarren urtez Kulturartekotasun Jaia eta Garapenean Bidelagun azoka egun berean egingo dituzte Azkoitian. Igandean izango dira, 11:00etatik aurrera, plazan. Era askotako jarduerak antolatu dituzte, eta udalak lagundutako gobernuz kanpoko hamar erakunderen lana ezagutzeko aukera izango da azokan jarriko dituzten postuetan.

Kulturartekotasun Jaiak eta Garapenean Bidelagun azokak bat egingo dute datorren igandean, irailaren 21ean, Azkoitian. Egun horretan, munduko beste kultura batzuk ezagutzeko nahiz gobernuz kanpoko erakundeek hainbat herrialdetan egiten duten lanaren berri jakiteko aukera izango dute herritarrek. Azkoitiko Udalak adierazi duenez, bi jardunaldiek bat eginda, herritarrak gonbidatu nahi dituzte mundua "enpatiatik, elkartasunetik eta hausnarketatik begiratzera".

Garapenean Bidelagun azoka 11:00etatik 14:00etara egingo dute herriko plazan. Igandeko azoka horretan, Azkoitiko Udalak laguntzen duen gobernuz kanpoko erakunde bakoitzak bere postua izango du. Horrenbestez, hamar erakundek parte hartuko dute azokan: Darahli elkarteak, Lumaltik Herriakek, Munduko Begiakek, Mundu Solidarioa Helburuk, Itsas Salbamendu Humanitarioak, Azkoitiko Misio Taldea-Mali Elkartasunak, Acoesek, Gazteak eta Garapenak, Salvador Elkartasunak eta Behar Bidasoak. Azokan erakunde bakoitzaren proiektua eta egiten duten lana ezagutzeko aukera izango da.

Sonia Vazquez udal Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan, Garapenean Bidelagun azokaren helburuak honakoak dira: "Alde batetik, boluntarioek egiten duten lana erakutsi eta boluntariotzaren balioa nabarmendu nahi dugu, eta bestetik, munduko hainbat lekutan bizi diren errealitateen inguruko sentsibilizazio gune bat sortu, GKEen bidetik. Zalantzarik gabe, udal eta gizarte gisa aitortza eta eskertzea zor dizkiegu haiei".

Iaz egin zuten aurreneko aldiz Kulturartekotasun Jaia, eta ospakizun horrek izandako "arrakasta" ikusita, aurten berriro antolatzea erabaki du udalak. Hala, aurten ere jai hori Garapenean Bidelagun azokaren egun berean ospatzea erabaki dute. GKEen azoka 2013tik egiten dute Azkoitian.

Kulturartekosun Jaiaren helburua da "migratzaileen parte hartzea sustatzea" eta "hainbat jatorritako kolektiboei ikusgarritasuna" ematea, herritarren artean harremanak bultzatuz. Besteak beste, gastronomia, dantza eta musika batasun tresna bihurtuko dira igandean egingo duten jaian.

Munduko jatekoak

Joan den astelehenetik bihar arte, beste kultura batzuetan ohikoak diren sukaldeko errezetak kozinatzeko ikastaroa egiten ari dira hainbat herritar Elkaguneko sukaldean, hala nola Marokoko, Saharako, Kenyako eta Mexikoko jakiak prestatuko dituzte.

Egitaraua:

  • Irailak 21, igandea.
    • 11:00-14:00. Kulturartekotasun Jaia eta Garapenean Bidelagun azoka, herriko plazan.
    • 12:00etatik aurrera, haurrentzako jolasak, Portaleburu erakusketa aretoan.
    • 12:00-15:00. Saharako, Saharaz azpiko Afrikako eta Nikaraguako dantzariak eta Marokoko musikariak ariko dira, herriko plazan.
    • 15:00-17:00. La Hija del Nopal DJaren saioa, herriko plazan.
    • 17:00. Ellas vivirán de otra manera dokumentala, Portaleburu erakusketa aretoan. Lumaltik Herriak erakundearen eskutik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide