Xubi Group enpresaren aurreko biribilgunearen ondoan errepidea moztu zuten Kontseilu Sozialistako kideek atzo arratsaldean. Israel Palestinaren aurka gauzatzen ari den genozidioa salatu zuten horiek, eta Azkoitiko enpresak horretan erantzukizuna duela adierazi ere bai. Hain zuzen ere, Kontseilu Sozialistak Xubi Groupi eskatu dio Israelekin dituen harremanak eteteko.
Azkoitiko enpresa taldeak –Xubi, Osatu eta Renogear enpresek osatzen dute– gerrara bideratutako Leopard tankeak, droneak, sateliteak eta radar sistemak egiteko piezak ekoizten dituela esan du Kontseilu Sozialistak. Halaber, taldeak 2024ko Eurosatory izeneko "azoka militar ezagunean" parte hartu zuela eta bere webgunean Israelekin harremanak dituela ageri dela ere jakinarazi du.
Kontseilu Sozialistak esan duenez, "ikusi da sionismoaren ordezkariak (kirol arloan, politikoan...) zein konplizeak (enpresak, unibertsitateak, banketxeak...) seinalatzeak bere fruituak ematen dituela eta Israel desnormalizatzeko balio duela". Hori dela eta, Xubi Groupen aurrean egindako ekintzak dinamika horri ekarpena egiteko asmoa duela azaldu du.
Azkoitia Gukak Xubi Groupeko ordezkariekin hitz egin du, eta haiek esan diote ez dutela gaiari buruzko adierazpenik egingo.
Manifestaziorako deia
Palestinarekin Elkartasunak deituta, urriaren 4an Palestinaren askapena eta Israelen suntsipena aldarrikatzeko manifestazioa izango da Iruñean. Kontseilu Sozialistak hara joateko deia egin die herritarrei.