Isidro Erretegia nagusi, Elgoibarko XI. San Bartolomeetako Kintopekoen Idi Deman

Andoni Elduaien 2025ko ira. 16a, 11:16

Isidro Erretegiko ordezkariak, atzo, saria jaso zuten unean. (Ibon Errazu)

48 plaza egin zituzten Isidro Erretegiko idiek atzo, astelehena, Elgoibarko Sigmako probalekuan jokatutako bigarren jardunaldian. Lopategi sailkatu zen bigarren, gutxi gorabehera, bi plaza eta erdi gutxiago eginda. 

Azkoitiko Isidro Erretegiak irabazi ditu Elgoibarko (Gipuzkoa) XI. San Bartolomeetako Kintopeko Idi Demak. Atzo, astelehena, eta joan den zapatuan, hilak 13, jokatu zituzten probako bi jardunaldiak Sigmako probalekuan, hango elkarteak antolatuta. Atzo aritu zen Azkoitiko uztarria, eta lanik onena eginda, Aitor Aizpuruak eta bere idi pareak irabazi zuten sari nagusia. 

Zapatuan, Laudioko (Araba) Mendikoren eta Mungiako (Bizkaia) Mendipe elkartearen uztarriak plazaratu zituzten; Mendikoren idiek 33 plaza, hiru zinta eta 5,90 metro osatu zituzten, eta Mendipe elkartekoenek 34 plaza eta 2,40 metro. Mendipe elkarteko idiak 52 kiloko gainkargarekin aritu ziren. Aldiz, Mendikorenek ez zuten gainkargarik eraman.

Atzo, ordea, hiru uztarriek hobetu zituzten zapatuko bi probalarien lanak, eta hiruretan onena izan zen Aizpuruaren idiena. Asier Alegria eta Iñaki Urrutia aritu ziren Isidro Erretegiko idi parearekin itzain lanetan, eta Jon Erkiagak kontrolatu zuen denbora. Bigarren txandan aritu ziren Isidro Erretegiaren idiak, eta haiek ezarri zuten txapelketako marka onena, 48 plaza eginda –66 kiloko gainkarga izan zuten–. Aurrez, Arroako Etxetxoren idiek 42 plaza osatu zituzten lehen txandan –48 kiloko gainkarga izan zuten–, eta hirugarren eta azken txandan, Birleko (Mungia, Bizkaia) Lopategirenek 45 plaza, bi zinta eta 6,47 metro egin zituzten –12 kiloko gainkarga izan zuten–. 

Isidro Erretegiak 1.300 euro, idientzako mantak eta txapela irabazi zituzten; bigarren sailkatu zen Lopetegik 1.200 euro; Etxetxo izan zen hirugarrena, eta hark 1.100 euro eskuratu zituen; Mendipe elkarteak 950 euro irabazi zituen laugarren eginda; eta azkenik, bosgarrena izan zen Mendikok 850 euro jaso zituen. Gipuzkoako Kintopekoen Txapelketarako puntuagarria izan zen Elgoibarko proba.

Hona hemen sailkapena osorik: 

  1. Isidro Erretegia (Azkoitia): 48 plaza.
  2. I. Lopategi (Birle, Mungia, Bizkaia): 45 plaza, bi zinta eta 6,47 metro.
  3. Etxetxo (Arroa, Zestoa, Gipuzkoa): 42 plaza.
  4. Mendipe elkartea (Mungia, Bizkaia): 34 plaza eta 2,40 metro.
  5. Mendipe (Laudio, Araba): 33 plaza, hiru zinta eta 5,90 metro.

Isidro Erretegiaren idiak, atzo, Sigmako probalekuan. (Ibon Errazu)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide