Juan Ramon Alberdi idazle azkoitiarrak Lazkao Txiki 34. Bertsopaper Lehiaketa irabazi du. Herenegun, igandea, banatu zituzten lehiaketari lotutako sariak Ordiziako (Gipuzkoa) Barrena kultur etxean; azkoitiarrak egindako lana saritu dute helduen mailan. Ordea, Alberdirena ez da izan azkoitiarrei emandako sari bakarra; izan ere, Nora Arrizabalagak gazteen mailako bigarren saria eskuratu du.
Argi-Berri elkarteak antolatu ohi du Lazkao Txiki zenari eskainitako bertsopaper lehiaketa, eta sari banaketan izan ziren Joxe Miel Iztueta Lazkao Txikiren zenaren ilobak eta Manex Berzosa Ordiziako Kultura zinegotzia. Lehiaketako epaimahaia, berriz, Nikolas Zeberiok, Izar Sarriegik eta Manu Olanok osatu dute.
Xabier Aguadok Argi-Berri elkarteko ordezkariak sari banaketa ekitaldiaren amaieran iragarri zuen datorren urtean 100 urte beteko direla Lazkao Txiki jaio zela, eta hori horrela, azken bost urteotan sarituak izan diren bertsoekin liburuxka bat osatu eta kaleratuko dutela.
Alberdik berak osatutako bertsoak abestu egin zituen saria jaso zuen unean, eta Goierriko Hitzaren webgunean ikusi eta entzun daitezke.