Ez dago sasoiari irabazita ekitea bezalakorik. Ideia hori buruan zuela hasi zuen atzo, igandea, Anaitasunaren gizonezkoen taldeak 2025-2026 denboraldia, eta bai lortu ere. Loren Barbadorenek modurik borobilenean lortu zuten garaipena; 3-0 menderatu zuten etxean, Txerloian, iaz maila aparta erakutsi eta hirugarren postuan sailkatu zen Real Union B taldea.
Partida hasi eta laster lortu zuten gorritxoek markagailuan aurrea hartzea; Ander Pastrian aurrelariak hirugarren minutuan lortu zuen taldea aurretik jartzeko gola egitea. Gerora, abantaila hori baliatzen jakin zuen taldeak, eta joko txukuna eginez, aurretik iritsi zen taldea atsedenaldira.
Gosea duen talde gaztea da Barbadok zuzentzen duena, eta bigarren erdira garaipena ixtera zelairatu ziren gorritxoak. Bigarren zatiaren erdialdean lortu zuen Anaitasunak abantaila bikoiztea; taldeak udan fitxatu duen Jon Peña azpeitiarrak lortu zuen gorritxoentzako bigarren gola. Lehiaren hondarrean, 89. minutuan, Oihan Etxanizek lortu zuen hirugarren eta azken gola.
Iaz ez bezala ekin dio denboraldiari Anaitasunak, garaipenarekin goiko postuetan kokatu da eta. Datorren asteburuan Debako (Gipuzkoa) Errotazar zelaian ariko dira Barbadorenak; Amaikak Bat taldearekin neurtuko dituzte indarrak gorritxoek, lehen jardunaldian Zumarragako (Gipuzkoa) Urola taldeari 1-2 irabazi dion taldea bisitatuko du Anaitasunak.
Emakumeen hasiera
Iñigo Oruesagastik zuzentzen duen emakumeen taldeak, berriz, datorren asteburuan hasiko du Euskal Ligako denboraldia. Hernaniren aurka jokatuko dute etxean. Hain justu, igaro den asteburuan jokatu dute gorritxoek Hernaniren aurkako lagunartekoa, eta 1-0 galdu zuten Zubipe zelaian. Datorren asteburukoa, ordea, desberdina izango da, hiru puntu izango baitituzte jokoan bi taldeek.