Jose Arakistain atezain ohi azkoitiarrak Elgoibar futbol taldearen omenaldia jaso zuen atzo, larunbatez, Mintxeta zelaian. Elgoibarko gizonen lehen taldeak Haundiren aurka jokatu behar zuen partida baliatu zuen klubak omenaldia egiteko. Elgoibarrek eman duen futbolaririk onenetarikoa izan da Arakistain, klubaren hitzetan, eta horixe nabarmendu zuten atzokoan, "ondo merezitakoa" zuen omenaldian.
Liga hasierako neurketa jokatu behar zuten bi taldeetako jokalariek pasilloa egin zioten Arakistaini, eta hura senideek lagunduta atera zen futbol zelaiaren erdira. Azkoitiarrari lore sorta eta oroigarri bana eman zizkioten Elgoibarko ordezkariek. Elgoibarko Barren hedabidearen webgunean ikus daiteke atzoko omenaldiko bideoa.
Ibilbide oparoa
16 urterekin hasi zen Arakistain Elgoibar taldeko harrobian jokatzen. Erakutsi zuen mailak, baina, hainbat talderen arreta piztu zuen, eta urtebetera, Realak fitxatu zuen. Talde txuri-urdinak utzita, urtebetez Eibarren aritu zen, eta atzera Realera itzulita, 19 urterekin, 1956an, egin zuen debuta. 60ko hamarkadan euskal futbolaren ikur bilakatu zen Arakistain; bost denboraldiran 120 partida baino gehiago jokatu zituen atezainak talde txuri-urdinarekin.
1961ean Real Madrilek fitxatu zuen, eta ibilbide loriatsua egin zuen Madrilgo taldean; izan ere, sei liga, kopa bat eta Europako Kopa bat irabazi zituen. Gol gutxien jaso zituen atezaina izan zen Arakistain, 1961-62 denboraldian, eta ondorioz, Zamora saria jaso zuen. Gainera, 1962. urtean, Txilen jokatu zen Munduko Txapelketan parte hartu zuen. Real Madril utzita, Elx taldera egin zuen jauzi 1967an, eta lau denboralditan aritu zen klub hartan. Gero, 1972-73 denboraldian Castello taldean jokatu zuen.