Maite Lopez Las Heras idazle azkoitiarrak aipamen berezia jaso du Irun Hiria literatur sarian. Epaimahaiak Oren hilak poema bildumagatik goratu du haren lana. Beste aipamen berezi bat ere egin dute aurtengo edizoan; hain zuzen, Txema Garcia-Vianak urnietarrak eleberrien atalean jaso aipamena, Bidaiak, laztanak eta orbainak nobela tarteko.
Euskarazko poesiaren mailako saria Karlos Linazasoro tolosarrak eskuratu du. Bazter utzietan izeneko lanari esker nagusitu da hura, Felipe Juaristik, Beatriz Txibitek eta Jon Gerediagak osatutako epaimahaiak hala erabakita. Idazleak 15.000 euro eta garaikurra jasoko ditu Linazasorok, eta bermatua du liburuaren argitalpena.
Euskarazko eleberrien atalean, berriz, Garazi Kamio andoaindarra izan da nagusi. Moebiusen ertzak lana tarteko, 20.000 euro, argitalpena eta garaikurra eskuratuko ditu hark. Arantxa Urretabizkaiak, Jon Martin Etxebestek eta Joxe Mari Iturraldek osatu dute arlo horretako epaimahaia.
Bestalde, gaztelaniazko lanen aurtengo saridunak Huelvako Mario Marin eta Madrilgo Marina Casado izan dira, hurrenez hurren, CMYK eleberriagatik eta Un mar que nadie mira poema sortagatik.