Azkoitiko Udalak gaur, ostirala, ireki du aurten 44. aldiz egingo duten Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Euskaraz idatzi duen lehendabiziko emakumearen memoria gordetzea du helburu Bizenta Mogel lehiaketak, literatura, euskara eta berdintasuna uztartuz. Erakundeak urriaren 31ra arteko epea eman die idazleei lanak aurkezteko, eta horrekin batera jakinarazi ditu haiek lanak egiteko ezinbestekoak izango dituzten oinarriak.
Ohi bezala, 18 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, eta haiek euskaraz idatzitako lanak aurkeztu beharko dituzte, gutxienez lau eta gehienez hamar orrikoak. Dena den, orriaren alde batetik bakarrik eta tarte bikoitzez idatzita bidali beharko dituzte parte hartzaileek beraien lana.
Azkoitiko Udalari zuzenduta, Azkoitiko Udala Herriko enparantza z/g 20720, Azkoitia helbidera bidali beharko dira lanak, gaitzizen batekin izenpetuta eta gaitzizen berdina daraman itxitako kartazalean egilearen datu pertsonalak zehaztuz. Horrekin batera, lanek originalak eta inon argitaratu edota saritu gabekoak izan beharko dutela zehaztu du udalak.
Iaz bezala, aurten ere hiru lagun sarituko ditu udalak, eta guztira, 1.600 euro banatuko ditu horien artean: 700 euro eta oroigarria jasoko ditu irabazleak; 500 euro eta oroigarria bigarrenak; eta azkenik, hirugarren sarituak 400 euro eta oroigarria jasoko ditu. Epaimahaia Yolanda Larrañagak, Iñigo Antsorregik eta Juan Luis Zabalak osatuko dute, eta haiek 2026ko urtarrilaren 17an hartuko dute azken erabakia. Udalak azken epaiaren ondoren jakinaraziko ditu irabazlearen eta beste bi sarituen izenak.