Logela Multimediak haurrentzako Semaforoa antzezlana eskainiko du etzi, zapatua, Baztartxo antzokian (17:00). 3-10 urte bitarteko haurrei zuzendutako obra da Semaforoa; multimedia antzezlan bat da, antzerkia, bideo animazioa, interakzioa eta musika biltzen dituena.
Enekok ez die kasurik egiten semaforoei. Hark berehala lortu nahi ditu gauzak, eta, horregatik, semaforoak oztopo dira berarentzat. Amets izeneko ezezagun batek bizitza lasaiago hartzeko eta gehiago jolasteko proposamena egingo dio Enekori, baina Enekok ez dio kasurik egingo, eta semaforoa gorrian dagoela, bidea zeharkatu eta ziztuan igaroko den argi erraldoi batek ia-ia bertan irentsiko du.
Sustoarekin ametsezko mundu batean sartuko da Eneko, eta semaforoko pertsonaiek bizia hartuko dute, abentura dibertigarri bat proposatzeko. Ordea, Enekok ez daki zer egin: lehen bezala jarraitu ala semaforoko izakitxoek proposatzen diotena egin.
Semaforoa antzezlana ikusteko sarrerak salgai daude duela aste batzuetatik. Hain justu, Entradium atarian eskuratu daitezke horiek 3 eta 5 euro artean. Honako lotura honetan eros daitezke etziko obra ikusteko sarrerak. Gukak, berriz, bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu bihar, ostirala, Azkoitiko Kultura sailaren eskutik. Gukako bazkide direnek honako lotura honetan izango dute zozketan parte hartzeko aukera.
Hona hemen antzezlanaren aurrerapen bideoa: