Amatasunaren alde onak eta txarrak, oholtzara

Andoni Elduaien 2025ko urr. 9a, 09:00

'Amak' obrako lau protagonistak. (Txalo Produkzioak)

Txalo Produkzioak ekoiztetxeak Amak antzezlana taularatuko du etzi Baztartxo antzokian. Lau emakumeren arteko istorioak ditu hizpide obrak, amatasunaren alde onak eta txarrak azaleratzea helburu dutenak.

Txalo Produkzioak konpainiak Amak komedia antzezlana eskainiko du etzi, zapatua, Baztartxo antzokian (19:00). Eskola bateko itxaron gelatik atera ezinik dauden lau emakumeren arteko istorio desesperagarria aurkeztuko du antzerki konpainiak Azkoitian.

Egoera larri horrek mugarik gabeko ezusteko terapia batera eramango ditu emakumeak, eta, bertan, amatasunaren alde onak eta txarrak ateratzen hasiko dira laurak poliki-poliki. Iraitz Lizarraga, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Intza Alkain igoko dira oholtzara, Begoña Bilbaok zuzendu eta Elena Diazek egin duen obra antzeztera.

Amak antzezlana ikusteko sarrerak salgai daude duela aste batzuetatik. Hain justu, Entradium atarian eskuratu daitezke horiek 8 eta 12 euro artean. Honako lotura honetan eros daitezke etziko obra ikusteko sarrerak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide