Bizikleta puntuan jartzeko aukera eskainiko dute bihar plazan

Andoni Elduaien 2025ko ira. 17a, 08:44

Azahara Dominguez diputatua eta Ana Azkoitia alkatea, eliz atarian. (Aldundia)

16:00etatik 20:00etara eskainiko dute bizikletak puntuan jartzeko zerbitzua, herriko plazan. Mugi txartel pertsonalizatua duten pertsona guztiak izango dira onuradunak. Aldundiak Mugikortasunaren Europako Astearen barruan kokatu du egitasmoa. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak abian jarri duen Jarri zure bizikleta prest Mugirekin kanpaina bihar, osteguna, iritsiko da Azkoitira. Bizikletak konpontzeko doako zerbitzua eskaintzen duen egitasmoa Gipuzkoako hogei herritara iritsiko da aurten, tartean, lehen aldiz, Azkoitira. 16:00etatik 20:00etara eskainiko dute zerbitzua, herriko plazan. 

Mugikortasunaren Europako Astearen barruan kokatu dute erakundeek egitasmoa, eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu du nahi dutela Gipuzkoak "ingurumena errespetatzen duen lurraldea izaten" jarraitzea. "Gipuzkoarren artean garraiobide jasangarriak ez ezik, osasungarriak sustatzen ere jarraituko dugu, hala nola garraio publikoa edota bizikleta. Eguneroko keinu txikiekin lagun dezakegu Gipuzkoarentzat nahi dugun etorkizuna eraikitzen", adierazi du.

Ana Azkoitia alkateak, berriz, alor horretan "aurrerapausoak ematen jarraitu" behar dela azpimarratu du. "Mugikortasunaren arloan, ohitura osasungarriak eta jasangarriak sustatu behar ditugu, ibilgailu pribatua albo batera utzita, ahal den neurrian. Herri barruan oinez edo bizikletan gero eta jende gehiago ikusteak eta kanpora goazenean garraio publikoa lehenesteak, bide onetik goazela esan nahiko du. Horretan, erakundeon ardura da baliabideak jartzea eta dituen onuren inguruan, herritarrak kontzientziatzea". 

Mugi txartelari lotutako zerbitzua

Bizikletak konpontzeko zerbitzua furgoneta batek eskainiko du bihar herriko plazan, eta zerbitzu horren onuradunak izango dira Mugi txartel pertsonalizatua duten pertsona guztiak. Gainera, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) lankidetzan, beharrezko laguntza eskainiko zaie Mugi txartela eskuratu nahi duten pertsona guztiei, plazan jarriko duten postuan. Bizikletak konpontzeko zerbitzura jotzen duten herritarrak, gainera, zozketa batean sartuko dira: bi bizikleta eta 20 euroko 60 Mugi birkarga zozkatuko ditu aldundiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide