'Itzulera' obra, umorearen, poesiaren eta akzioaren zuzeneko uztartzea

Andoni Elduaien 2025ko ira. 18a, 08:27

Antzezlanaren irudi bat. (Dejabu konpainia)

2024an Mexikora egindako bidaia kontatuko dute Dejabu konpainiakoek oholtza gainean. Zuzeneko road movie baten egitura izango du obrak. Sarrerak 8 eta 12 euroren artean eskuratu daitezke.

Dejabu konpainiak Itzulera izeneko antzezlana eskainiko du etzi, zapatua, Baztartxo antzokian (19:00). Konpainiaren proiektu eszeniko berria umorez, poesiaz eta akzioz betetako antzezlana da. Auto-fikziozko obra horretan konpainiako kideek beraien sormenaren eta identitatearen zentzua ere zalantzan jarriko dute. Hain justu, 2024an Mexikora egindako bidaia kontatuko dute oholtza gainean, baita bertan jazotako ustekabeko gertakari batek abenturaren norabidea nola aldatu zuen ere.

Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala, Urko Redondo eta David Aguilar arituko dira aktore lanetan. Zuzeneko road movie baten egitura izango du obrak, eta errealitatearen eta fikzioaren arteko jolasa aurkeztuko du. Eszenako aktoreez gain, zinemagile batek zuzenean sortu eta proiektatuko ditu irudiak, ikusleentzako emanaldia esperientzia errepikaezina bihurtuz. Irudikatutakoaren eta bizitakoaren arteko mugak lausotzen diren ipuina da finean Itzulera obra.

Antzezlana Baztartxo antzokiko besaulkietatik jarraitu ahal izateko, sarrera erosi beharko dute interesa dutenek. Sarrerak aldez aurretik bereganatu nahi dituztenek Entradium atarian dute horretarako aukera. Ordea, antzezlanaren egunean Baztartxoko leihatilen bertan ere salduko dituzte. Sarrerak 8 eta 12 euro artean daude salgai.

Bazkideentzako zozketa

Gukako bazkide direnek antzezlana ikusteko sarren zozketan parte hartzeko aukera zabalik dute. Gukak, Azkoitiko Kultura sailaren eskutik, bi sarrera bikoitz ditu parte hartzen duten bazkideen artean zozkatzeko. Honako lotura honetan dago horretarako aukera. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide